Dena prest dute Berrobin XXII. Ion Ander Izagirre Frontenis Txapelketari hasiera emateko. Gaur gauean egingo dute parte hartzaileen artean zozketa, Etxola aretoan, egutegia eta partidak zehazteko, eta datorren asteburutik aurrera, lehia biziak izango dira ikusgai Berrobiko pilotalekuan.
Begi Gorri gaztetxeak antolatzen du eskualdeko frontenis txapelketa entzutetsuena dena, eta aurtengoan parte hartze kopuru antzekoa izango dela espero dute. Mutiletan, banaka nahiz binaka izango da txapelketa, eta bakoitzean 30 inguru izango dira, nesketan 4-5 bikote espero dituzte, eta talde mistoetan, berriz, zortzi inguru izango dira. Azken modalitate hori pasa den urteko berrikuntza izan zen, eta antolatzaileek emakumeen parte hartzea bultzatzea izan zuten helburu. «Banaka emakume gutxi animatzen zirela ikusita jarri genuen, eta nahiko harrera ona izan zuen; aurten ere horrela izatea espero dugu», azaldu du Unai Madina antolaketa taldeko kideak.
Mutiletan, binaka nahiz banaka, kanporaketa sistema bidez egingo dute txapelketa, hau da, galtzen duena txapelketatik at geratuko da. Nesketan, berriz, ligaxka formatua erabiliko dute, guztiek guztien aurka jokatuko dute, alegia. Talde mistoetan, lehendabizi kanporaketa bidez egingo dute, eta lau bikote geratzen direnean ligaxka bidez egingo dute. Partida guztiak 30 tantora izango dira, eta irabazten duenak, hurrengo partidan epaile lana egin beharko du.
Partidak azaroaren 16an hasiko dira, eta finalak abenduaren 7an jokatuko dituzte. Lau asteburutan, beraz, larunbatean nahiz igandean partidak izango dira goizez nahiz arratsaldez, Berrobiko pilotalekuan. Antolatzaileek adierazi dutenez, urtetik urtera izen ugari errepikatu egiten dira txapelketan, eta jende berria animatu nahi dute parte hartzera. Era berean, txapelketako partidak ikustera animatu dituzte herritarrak, «oso biziak eta interesgarriak izaten baitira».
Sari politak
Pasa den urteko txapelketan, Edu Lobato eta Pitillasek irabazi zuten mutilen binakako lehiaketa; Bikote mistoetan Xabi Zubiriak eta Leire Jauregik irabazi zuten; Emakumezkoen binakakoan, Rakel Astiz eta Elena Artieda izan ziren irabazleak; eta mutilen banakakoan Odei Arregi izan zen txapelduna.
Urtero moduan, irabazleek sari potoloak eskuratuko dituzte. Batetik, garaikurrak eta txapela jantziko dute, eta kirol materiala ere oparituko diete. Bestetik, txapelketaren lau modalitateetan lehen hiru postuetan amaitzen dutenak finaleko egunean, hau da, abenduaren 7an Berrobiko elkartean egingo duten afarira gonbidatuko dituzte. Eguna borobiltzeko, gainera, elkarrekin parranda eginez amaitu ohi dute.
Izagirreren omenez
Ion Ander Izagirre zenaren omenez egiten dute txapelketa 1996. urteaz geroztik. Izagirre bera hasi zen txapelketako antolatzeko lanetan, eta parte hartu zuen guztietan lortu zuen txapela janztea. Berrobitarra auto istripuz hil zen, eta ordutik, bere izena du frontenis txapelketak. Modu horretan omendu nahi izaten dute bere Berrobiko lagunek.