Joseba Esnaola, harri-jasotzailea
Harri-jasotzaile hasi berria da Joseba Esnaola gaztea (1993, Berrobi). 18 urterekin altxa zuen lehen harria jendaurrean Izaskunen eta plazarik plaza gustukoa duena egiten jarraitzeko gogo biziz dago.
Harri jasotzaile peto-petoa dirudizu.
Beti esan izan didate harria jasotzeko aproposa zela nire gorpuzkera. Niregatik balitz aspaldian hasiko nintzen harri-jasotzen, baina etxean gurasoek ez zuten oso gustukoa, gazteegia nintzela zioten.
Joseba Esnaola harri-jasotzailea[/caption]
Noiz eman zenuen lehen pausua?
Lehengo urtean Xabier Aranbururen entrenamendu saioa ikustera joan nintzen Azpeitira eta hala, han animatu ninduten harria bizkar gainera igotzera.
Eta Izaskungo plazan estreinatu zinen berehala?
Halaxe da, pasa den urteko maiatzean Xabier Aranbururekin batera erakustaldia egin genuen Izaskunen, 100 kiloko zilindrikoa bi minututan zeinek gehiago altxa.
Nola gogoratzen duzu lehen plaza hura?
Ilusioz eta urduritasunez beterik nengoen. Etxekoak, lagunak eta herritarrak etorri ziren proba ikustera eta hasi bitartean kirioak dantzan nengoen, gero harria jasotzen hasi eta baretu zitzaizkidan nerbioak.
Plaza gizona al zara?
Hasi berria naiz eta oraindik plaza gutxi egin ditut, baina plaza gizona naizelakoan nago, orain arte etxean egindakoa plazan ere egin dut eta.
Festarik festa ibili zinen lehengo urtean. Nola dator aurtengoa?
Maiatzaren 10ean emango diogu hasiera denboraldiari Iparraldean. Gero Frantzian ere Landak inguruan erakustaldi bat egin behar dut. Izaskunen maiatzaren 19an izango naiz eta udara aldera Euskal Herrian zehar ibiliko naiz.
Harri-jasotzaile gaztea eta berria zara, horrek plazetan sortuko du ikusmina ezta?
Ez gara harri- jasotzaile asko Euskal Herrian eta beti izaten da gogoa herri kiroletan jende berria ikusteko.
Kintopeko Txapelketa prestatu behar al duzu?
21 urteko Txapelketan lehengo urtean hartu nuen parte, baina aurten ez dut uste parte hartuko dudanik. Froga harri txikiekin da eta nik harri handiak nahiago ditut.
Harri txikitik handira salto egin behar al duzu dagoeneko?
Nik nahiago ditut harri handiak, 150 kilo bueltan dabiltzanak. Txikiekin bizi-bizi aritu behar duzu, handiekin, berriz, bularra gutxiago behartzen da eta indarra behar da.
Nolakoa da zure entrenamendua?
Astean bitan Iñaki Gorostidiren gidaritzapean harriekin entrenatzen dut. Maila fisikoa mantentzeko mendian ere ibiltzen naiz.
Gorostidiren esperientzia eskertuko duzu ezta?
Oso gustura nago berarekin. Esperientziadun gizona da eta erakusten ere badaki. Harriari nola heldu eta gerriari golpea nola eman berak erakusten dizkit. Gauza bat indarra edukitzea da eta bestea teknika lantzea eta nik asko dut ikasteko oraindik.
Hasi berri izanagatik izango duzu buruan helburu edo ametsen bat.
Harri-jasotzen luzez jarraitzea da helburua, hori maila fisikoak esango du noski, lesiorik ez bada behintzat. Egunen batean herriko plazan marka jarri eta plaza betetzea ikaragarri gustatuko litzaidake.
Berrobin herri kiroletako harrobia bada gero!
Azken urteetako kontua da. Gizon proban Gipuzkoako txapeldun izan ziren herrikideak, pilotan, berriz, Herri Artekoan bigarren geratu ziren eta ni harri- jasotzen...
1ibarraldea@hitza.info