Azaroaren 27an hasi zen, Berrobiko Begi Gorri gaztetxeak antolatzen duen XX. Ion Ander Izagirre frontenis txapelketa, eta herenegun amaitu zen. Gizonezkoen mailan, banaka, Xabi Romero izan da txapelduna, eta binaka, berriz, Niko Artolak eta Iker Lizardik osatutako bikotea nagusitu zen. Emakumezkoetan, berriz, aurten txapelketako partidak osatzeko beharrezkoa den jende kopuruak izena eman ez duen arren, bi bikoteren arteko partida jokatu zuten pasa den abenduaren 7an, eta Mireia Lezea eta Aran Rodas izan ziren garaileak.
74 parte hartzaile
Antolatzaile lanetan aritzen den Ibai Madinak azaldu duenez, guztira 32 jokalarik eman zuten izena, banakako lehian sartzeko. Binaka aritzeko, berriz, 42 lagunek eman zuten izena.Gizonezkoen mailan, banaka, Xabi Romero irabazlearen atzetik, honakoa izan zen frontenis txapelketako sailkapena: Eneko Goenaga bigarren suertatu zen, eta hirugarren eta laugarren postuak Unai Mendia eta Odei Arregirentzat izan ziren, hurrenez hurren.
Binakakoan, berriz, gizonezkoen sailean, Niko Artolak eta Iker Lizardik osatutako bikoteak irabazi zuen, eta atzetik, ondorengo bikoteak sailkatu ziren: Xabi Romero eta Edu Lobato bigarren, Iban Zabaleta eta Iban Aranburu hirugarren, eta Unai Mendia eta Kepa Auzmendi laugarren.
Aurten, Ion Ander Izagirre frontenis txapelketa hogeigarrenez antolatu dute, eta nabarmentzekoa da emakumezkoen txapelketarik ezin izan dutela antolatu. Madina antolatzaileak azaldu duenez, «ez du behar bezain beste jendek izena eman, eta ezin izan da txapelketa egin. Normalean, sei bikote inguruk ematen dute izena, baina aurten ez». Hala ere, herenegungo finalean, emakumeen partida bat jokatu zuten, bi bikotek. Horrela beraz, emakumeen sailean, txapeldunak Mireia Lezea eta Aran Rodas izan ziren, eta bikote txapeldunordea, berriz, Oihane Vergarak eta Leire Jauregik osatutakoa izan zen.
Partiden ondoren, elkartera
Frontenis txapelketa amaitu zenean, ohitura duten bezala, mokadua jatera joan ziren parte hartzaile eta antolatzaileak, herriko elkartera.
Antolatzaileek, eskerrak eman nahi izan dizkiete, XX. Ion Ander Izagirre frontenis txapelketan laguntzaile moduan aritu diren guztiei, eta baita parte hartzaile nahiz ikusle guztiei ere.