ELKARRIZKETA

«Elkar-laguntza sareak indartzea da asmoa»

Berastegiko Askamare talde feministak antolatuta, 'Liliak Loratuz' indarkeria matxistaren inguruko errezital musikatua izango da ikusgai larunbatean, Haizea Loira musikoterapeutaren eskutik. Udaletxeko ganbaran izango da, 18:00etan hasita.

Zertan datza emanaldia?

Emanaldia indarkeria matxistari musika eta hitzak jartzeko modu bat da. Ikusezina ikusarazteko asmoz dago egina eta ahotsa eta gitarra ditu ardatz. Testigantzak dira emanaldiaren zatirik handiena, eta kantu zein olerkiren batekin tartekatzen dira.

Izenburuak ere zer esan handia du.

Hori da ideia, gizartearen errealitate honi ikusgarritasuna ematea eta loratuz joatea. Lore loratuak ikustea maite dugun bezalaxe, ezkutuan edo ikusi gabe geratzen den hori argitara ateratzeko aukera bat da.

Zerk bultzatu zintuen proiektu hau martxan jartzera?

Lanbidez musikoterapeuta naiz, eta urte batzuk daramatzat indarkeria bizi izan duten pertsonekin lanean. Askotan faltan igartzen da benetako bizipenak mahai gainean jarri eta jendeari plazaratzea. Ariketa honekin pertsona horien kontakizunari tokia egin nahi genion, enpatia, elkartasuna eta kontzientziazioa bultzatzeko. Indarkeria mota ezberdinei ahotsa emateko espazio bat da, musika bidelagun hartuta.

Zein indarkeria motari ematen zaio ahotsa?

Gehienetan indarkeria fisikoa edo psikologikoa ikusten da gehien, baina emanaldi honetan mota guztiei ematen zaie lekua: ekonomikoa, instituzionala, bikarioa, digitala, obstetrikoa, sinbolikoa, soziala... Testigantza batzuetan indarkeria mota bat baino gehiago gurutzatzen dira, eta guztiei lekua ematea da helburua.

Zer ekarpen egin dezake kulturak indarkeria matxistaren prebentzioan eta kontzientziazioan?

Kultura gozamenerako tresna da, baina eraldaketarako tresna ere bada gizarte honetan. Kulturak eraldaketarako bere potentziala plaza edo antzeko toki esanguratsuetan gizartearen-eraldaketarako tresna boteretsua da. Kultura diogunean arteaz ere ari gara solasean. Azken batean artearen bidez adierazteko edota hausnartzeko parada behar izaten dugu, eta horretan laguntzen gaitu kulturak.

Zer loratu daiteke horrelako emanaldi baten ondoren?

Elkar-laguntza sareak indartzea da asmoa. Egunerokoan ezkutuan igarotzen diren edo naturalizatzen diren indarkeriak sistemaren egiturazko arazo gisa kokatzen laguntzen du. Horrela, bizipen indibidualak kolektiboak ere badirela ohartzen gara eta eraldaketarako tresna moduan sonoritatea edo partekatzea ere balioan jartzen du.

Nolako harrera izan du orain arte herri ezberdinetan?

Emanaldia oso hunkigarria da eta Errespetuzko eta gordintasun jakin bateko giroa sortzen da. Emanaldia amaitzean, giro zaindua mantentzen dugu, argitasun handiegirik gabe, bakoitzak bere esperientzia barneratu dezan. Amaieran tarte bat uzten da norbaitek zerbait partekatu edo adierazi nahi badu ere.

Nori dago zuzenduta?

Jende guztiari zuzendua dago, gertatzen denaz jabetzeko. Hala ere, ez da haurrentzako espaziorik egokiena. Egoera gordinak azaleratzen direnez, egokiagoa da 14 urtetik gorakoentzat. Hala ere, nahiz eta emanaldi gordina izan, bada bizi dugun errealitatetik beste nonbaitetik eta goxotasun batetik heltzeko emanaldia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!