Berastegiko Negu Trail mendi lasterketak jarraipena izango du datorren urtean. Otsailaren 14rako antolatu dute, eta edizio berezia izango da, hamargarren aldiz egingo baita. Herriko plazan hasi eta amaitzen den ibilbidea izan ohi da, 16 kilometro inguruko luzera eta 1.000 metro inguruko desnibel positibo metatua duena, eta Berastegi inguruko mendi-bideetan barrena ibiltzen dira korrikalariak; Urdelar, San Lorentzo eta Ipuliño gailurretara igotzen dira.
Bada, lasterketan parte hartu nahi dutenek, gaurtik aurrera izango dute izena emateko aukera, Web.rockthesport.com webgunean. 21:00etan zabalduko dute izen-emate epea, eta astebetez egongo da zabalik, azaroaren 20ko 21:00ak arte. Aurten, aldaketa bat egongo da. Plaza edo dortsal kopurua baino izen-emate gehiago egongo balira, zozketa egingo lukete, lasterkari zerrenda osatzeko. Gainerakoekin itxaron-zerrenda osatuko lukete. Izena emateko ordenak ez du eraginik izango zozketan.
Tolosaldeko mendi lasterketen egutegiko lehen proba izaten da Berastegikoa, eta izen-emateak arrakasta handia izaten du. Aurten otsailaren 1ean egin zuten, eta, lehen aldiz, Negu Trail Txiki proba (8,3 kilometro eta 570 m+) ere antolatu zuten nerabeentzat; datorren urterako ere antolatu dute. Bi probak kontuan hartuta, 275 korrikalarik parte hartu zuten. Lasterketa nagusian Jokin Tolosa anoetarra eta Jone Zenitagoia elorriotarra izan ziren garaileak; nerabeen proban, berriz, Julen Barriola bergararra eta Norah Muzas donostiarra izan ziren onenak.