Berastegiko ikastetxean hobekuntzak eta egokitzapenak egiteko diru laguntza ematea onartu du Eusko Jaurlaritzak

Tolosaldeko Ataria

Berastegiko Muñagorri eskola Eskola Txikien Sarean sartu dela ospatzeko urrian egindako festa. 

Gobernu Kontseiluak 9,97 milioi euroko inbertsioa baimendu du gaur, Udaleraiki 2026 programaren bidez, udal titulartasuneko ikastetxe publikoetan hobekuntza eta egokitzapen obrak finantzatzeko. Gipuzkoan 29 udalerrik jasoko dute laguntza, eta horien artean dago Berastegi; 399.939 euro jasoko ditu. 

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak onartu du gaur, ia 10 milioi euro bideratzea udalekin elkarlanean ikastetxe publikoak hobetzeko. Akordioak Euskadiko 91 udalerritan jarduketak egitea aurreikusten du: 3,49 milioi Gipuzkoarako, 5,43 milioi euro Bizkairako eta 1,06 milioi Arabarako.  Hezkuntza Sailaren eta udalen arteko lankidetzari esker, baliabideak optimizatu eta obrek eskola jardueran izan dezaketen eragina murriztuko dela esan du Eusko Jaurlaritzak. Udalekin lankidetza hitzarmenak sinatuko dituzte, jarduketa horiek elkarrekin finantzatu eta gauzatzeko. Finantzaketa bi aurrekontu ekitalditan banatuko dute: 1.495.727,64 euro 2026ari dagozkio, eta 8.475.790 euro 2027ari. 

Gipuzkoarentzat aurreikusitako 3.488.399,10 euroak 29 udalerritara bideratuko dituzte, eta ekarpen handiena jasoko dituzten herrien artean dago Berastegi; 399.939 jasoko ditu. 

Administrazioen arteko lankidetza
Hitzarmenen bidez, Hezkuntza Sailaren eta udalen eskumen eremuei eragiten dieten obrei elkarrekin ekingo zaie, eraikinen kontserbazio, eta mantentze, hobekuntza eta egokitzapen inbertsioekin uztartuz.

Udalek obrak izapidetu eta gauzatuko dituzte, eta obren zuzendaritza teknikoa kontratatuko dute. Hezkuntza Sailak, berriz, hitzarmenetan adostutako ekarpen ekonomikoak egingo ditu.

Lankidetza-formula horri esker, jarduketen bikoiztasunak saihestu, esku-hartzeak arindu eta baliabide publikoen erabileran eraginkortasun handiagoa lortuko dutela esan dute. Gainera, hitzarmenek ezartzen dute obrak, ahal den neurrian, irakaskuntza jarduerarik gabeko udako aldietan egingo direla, ikastetxeen ohiko jardueran ahalik eta eragin txikiena izan dezaten. Helburua da ikastetxe publiko seguruagoak izatea, egungo behar pedagogikoetara egokitutako espazioekin eta ikasleen ikaskuntzarako eta ongizaterako baldintza hobeekin, sare publikoan aukera berdintasuna bermatuz.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!