Muñagorri Eskola Txikien Sareko kide

Tolosaldeko Ataria

Eskola Txikien Sareko kide berria da Berastegiko Muñagorri eskola. Gaur inauguratu dute sareko kide direla adierazten duen plaka.

Guraso elkarteak eta Muñagorri eskolak Eskola Txikien Sarean sartzeko lanketa eta hausnarketa prozesua egin zuen 2025-2026 ikasturtean. Sarearen izaera, balioak eta bertako kide izateak dakartzan konpromisoak ezagutu ondoren, ikasturte amaieran aho batez erabaki zuten Eskola Txikien Sarean sartzea.

Eskolaren atarian jarri duten plakak adierazten du aurrerantzean Berastegi Eskola Txikien Sareko kide dela. Hain justu, gaur egin dute plaka inauguratzeko ekitaldia. Berastegik urrats berria eman duela esan dute, «herriaren eta eskolaren izaerarekin bat datorren sare baten parte bihurtuz».

Bestalde, sarean sartzea ez dela helmuga esan dute, bide berri baten hasiera baizik. Izan ere, guraso elkarteak eskualdean urtean zehar egiten diren bileretan aktiboki parte hartzen jarraituko duela azaldu dute, beste herrietako guraso elkarteekin harremanak sortuz, esperientziak partekatuz eta sarearen egitasmoetan parte hartuz.

Era berean, Eskola Txikien Festarekin elkarlanean jarraituko dute, eta datorren urteko ekainaren 13rako gonbita luzatu diete berastegiarrei. Egun horretan Alkizan ospatuko da Eskola Txikien Festa.

Muñagorri Eskolako zuzendaritzak eta hezkuntza komunitateak beste Eskola Txikiekin lankidetzan jarraituko dutela esan dute, esperientziak eta ezagutzak partekatuz eta elkarrekin ikasteko aukera berriak sortuz.

Berastegin argi dute eskola herriaren bihotza dela: «haurrek ematen diote bihotz horri taupada. Haien pauso, ahots eta ametsez betetzen den herriak bizirik dirau; haurrez betetako herriak badu etorkizuna».

Erlazionatuak

Eskola Txikien Sareari ongietorria

Tolosaldeko Ataria urr 09, 17:27 Berastegi

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!