Berastegiko San Martin elizaren atzealdean bada harri baldar bat. Azken aldiz pisatu zutenean, 1.778 kilokoa zen. Garai batean, idi-probarako erabiltzen zuten; 2009an, gaztetxearen eta elkartearen arteko lehia egin zuten, harriarekin elizari itzuli bat nork lehenago eman; beranduago, giza-talde bat idi pare baten aurka aritu zen nork plaza gehiago egin.
Orain, ordea, gizaki bakar batek mugituko du: Leitzan bizi den Joseba Santxez gasteiztarrak. Larunbatean izango da erakustaldia, eliza atariko aparkalekuan. Harri tiran Euskal Herriko txapeldun izandakoa, irailaren 13an bi tona inguruko harria 1,44 metro mugitu zuen Leitzako Talo Egunean. Etzi, ordu erdi izango du, Berastegiko harria ahalik eta gehien mugitzeko. Erronka hasi aurretik, harria pisatu eta lekua egokituko dute epaileek.
Herri kirol munduan berandu hasi zen Santxez, zehazki, Leitzara bizitzera joan zenean. Azaldu duenez, harri-tira diziplina Gipuzkoan eta Nafarroan baino ohikoagoa izan da beti Bizkaian eta Araban. «Behin, diziplina honetan aritzera Bizkaira joan nintzenean, esan zidaten ez nuela ezer egingo, nafarra nintzelako. Egoskorra naizenez, txapelketa eta apustu bana irabazteko helburua jarri nion nire buruari, eta hala egin nuen. Orain, marka berriak egitea da nire helburua».
Santxezek azaldu du harri-tira diziplinan gorputza azkar husten dela eta giharrek energia galtzen dutela. «Hasieran, amaieran baino errazago mugitzen dut harria. Hortaz, oso kontentu nengoke, hiruzpalau metro egingo banitu. Hala ere, eguneko giroak, gorputzaldiak, eguraldiak eta lurrak eragina izango dute». Eguna gerturatu ahala, «urduri bezain gogotsu» dagoela adierazi du gasteiztarrak.
Larunbateko protagonista nagusiak gaineratu du diziplina honek «denbora eta pazientzia» eskatzen dituela. «Duela lau urte hasi nintzen ni harri handiei tiraka, tona bateko harri batekin. Lesio baten ondorioz, denbora batez geldirik egon behar izan nuen, baina pixkanaka gorputza diziplinarako egokitzen joan naiz. Azken urte eta erdian oso serio ari naiz entrenatzen». Lehen, prestatzaile fisiko batekin lan egiten zuen: gimnasioan indar ariketak, harriekin ariketak, hauspoa landu… «Inoiz ez dut zaletasunik izan zehaztasunez eta ordutegi batekin lan egiteko», aitortu du. «Hori dela eta, orain, nire kabuz egiten dut prestaketa».
Behobia-Donostiako distantzia, lokotxekin
Baldar Eguna izendatu duten lehia giroko arratsaldeko lehen erronka izango da. Gero, lokotxak biltzen hasiko dira hiru herritar Jesus Altuna kalean: Mattin Intxaurrondo, Aiora Lasarte eta Olaia Garaiburu. Behin, gaur egun herriko alkate den Andoni Zuriarrainek erronka bat egin zuen Leitzan: 200 lokotx ordu eta erdian jasotzea. Alkateak berak proposatu zion antzeko zerbait egitea Iñigo Gorostarzu Etxorde Baldar Eguneko antolatzaileari. «Herrian korrika ondo aritzen diren gazteei zirika hasi nintzen, eta Mattinek segituan esan zuen erronka onartzen zuela».
Intxaurrondok Zuriarrainen erronka errepikatuko du. 100 lokotxeko bi ilara jaso beharko ditu; lokotx batetik bestera metroko distantzia egongo denez, azken lokotx-bikotea saskitik ehun metrora egongo da. Guztira, Behobia-Donostia lasterketako distantzia egingo du korrika. «Horri, lokotxak biltzeko makurtu behar duela gehitu behar zaio. Beraz, lan gogorra da». Emakumeak ere nahi zituzten erronkarako, eta Lasartek eta Garaiburuk bikotean egingo dute; 75na lokotx bilduko dituzte. Hauen azken lokotxa ere 100 metrora egongo da, eta 90 minutu azpitik egiten saiatuko dira.
Arestian aipatutako eliza atariko harri baldarra, ordea, ez da herrian dagoen bakarra; badira txikiagoak ere, harri-jasotzaileentzako modukoak. Horiekin erakustaldi bat egiteko aukera egon zitekeela eta, inguruko harri-jasotzaileei egin zieten proposamena, eta bost animatu dira. Iraitz Arruti Burnitxiki zarauztarra eta Josetxo Urrutia eta Unai Urkiola leitzarrak 113 kilokoa jasotzen saiatuko dira. Ane Cestau barañaindarra eta Eider Durana gasteiztarra, berriz, lehen aldiz plazara aterako dituzten 77 eta 79 kiloko harri baldar bana jasotzen ahaleginduko dira. Bost minutuko txanda izango du harri-jasotzaile bakoitzak.
Festa giroko ekitaldia
Santxezek Maiatzean egin zion erronkaren proposamena Etxorderi, eta geroztik eguna antolatzen aritu da, Berastegiko Udalarekin elkarlanean. «Ez genuen festekin bat egitea nahi, eta bagenekien herri kirol lehia bat antolatuz gero, plazak itxura ona hartuko zuela. Partaideek entrenatzeko denbora behar zutela eta, irailerako antolatzea pentsatu genuen. Erronka ikusgarriak izango dira».
Festa giroa ez da faltako etzi Berastegin; erronka bakoitzerako porra bana egiteko asmoa dute antolatzaileek, eta kirol lehiak iraun bitartean, taberna eta pintxo zerbitzua egongo da Arbide baserriaren eta gaztetxearen eskutik. Etxordek aurreratu du Jesus Altuna kalea itxi egingo dutela, eta Berastegira autoz joan nahi duenak, eskola atarian izango duela ibilgailua aparkatzeko aukera. Gainera, boluntarioak behar dituzte ekitaldia hasi aurretik aparkatzen laguntzeko.

