Azoka eguna izango dute azaroaren 8an, Berastegin. Hogeita zortzigarren edizioa izango dute aurtengoa, eta 11:00etatik aurrera, ganadua eta herriko eta inguruko artisau eta nekazarien produktuak ikusi, dastatu eta erosteko aukera izango da. Lehiaketek ere lekua izango dute, ohiko moduan. Horien artean izango dira, XXXV. Gazta Lehiaketa, XXVIII. Postu Lehiaketa, XXVIII. Bildots, Ardi eta Ahari Lehiaketa, II. Natilla Lehiaketa eta XXVIII. Argazki Rally lehiaketa eta erakusketa.
Bost lehiaketa
Gazta lehiaketan parte hartu nahi duten herritarrek azoka egunean 10:00etan aurkeztu beharko dute norbere etxeko ardi-esnearekin egindako gazta. Natillen kasuan, 11:00etan aurkeztu beharko dira azoka lekuan. Egileak nahi dituen osagaiak erabili ahal izango ditu, beti ere 2 litro esne erabiliz eta bi ontzitan aurkeztuz; txikia epaileentzat eta handia dastaketarako izango da. Izen-ematea eta ordainketa azokako unean bertan egingo dira.
Animali erakusketari dagokionez, edozein mota eta tamainako animaliak aurkeztu ahal izango dira urriaren 11 baino lehen, eta egun horretarako ere bildots, ardi eta ahari lehiaketan herriko edozein artzainek parte hartu ahal izango dute, baina bakoitzak ardi, ahari eta bildots bana aurkeztu beharko du. Ondoren, Hiru sari berezi banatuko dira. Postu lehiaketan herriko eta herritarren produktuez osatutako postuek bakarrik hartuko dute parte, eta sari bakarra egongo da.
Argazki rallyan parte hartzeko izen-ematea urriaren 7a baino lehen egin beharko da, udal bulegoan, 943 68 30 00 telefono zenbakira deituta, kultura@berastegi.eus helbidera idatzita edo 688 681 952 telefono zenbakira whatsapa idatzita. Urriaren 8an, egunean zehar, parte hartzaileei telefonoz, emailez edo whatsap bidez aurtengo argazki ralllyko gaia zein den jakinaraziko zaie. Aukeratutako hiru argazkiak helbide elektronikoz bidali beharko dira, kultura@berastegi.eus helbidera idatzita, urriaren 11ko 23:59ak baino lehen.