Palestinaren aurkako genozidioa salatzeko erakusketa, Berastegin

Leyre Carrasco

Eskuahaldunak eskultoreen elkarteak 'Gazako garrasia' izeneko erakusketa jarri du Berastegiko udaletxeko ganbaran. Azken Muga programazioaren bueltan antolatu dute.

Berastegiko udaletxeko ganbara atondu berri du Euskahaldunak Eskultoreen elkarteak. Palestinako herriak elkartasun keinu ugari jaso ditu azken urteetan, eta euskal artistek artearen bidez erantzutea erabaki dute. Palestinaren aurkako genozidioa salatzeko helburu duen erakusketa ibiltaria da Gazako garrasia izenekoa, eta dagoeneko ikusgai dago hilaren 15a arte. Sarrera doakoa izango da eta erakusketa ikustera gerturatzeko asmoa duten herritarrek ondorengo ordutegian joan beharko dute: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 15:00ak arte.

Erakusketa berri honek «kontzientzia pizteko» helburu duela azaldu du Gillermo Olmo eskultoreak eta Euskahaldunak Eskultoreen elkarteko kideak, izan ere, elkarteak ez du halako erakusketa bat antolatzen duen lehen aldia: «Israelen okupazioa Gazarekin hasi zenean, genozidioaren aurkako Stop genozidioari izeneko erakusketa bat abiatu genuen. Patriaren aldeko paktu bat egin zuten, baina jendea hiltzen jarraitzen dute, eta horregatik, beste erakusketa bat egitea erabaki dugu. Agerian utzi behar dugu egoerak berdin jarraitzen duela; egunero jendea hiltzen jarraitzen dutela».

Guztira, estilo ezberdineko 22 artistek parte hartu dute Berastegiko erakusketan; Olmorekin batera, besteak beste, Nery Pradelnas Olavarria, Mikel Costa, Pazos, Maite Miguelen, Modesto Arias, Porrillo eta Arantxa Arratibel artisten obrak ikusi daitezke erakusketan zehar. «Beste erakusketa batzuetan 60 edota 70 artista egotera iritsi gara, baina kasu honetan, Berastegiko ganbara ez da oso handia eta horregatik, 22 artistek parte hartu dugu», gaineratu du Olmok. Lan honekin, besteak beste, Palestinako herriak jasaten duen injustizia salatu eta Gazako biztanleen ahotsa zabaltzeko helburua dutela azpimarratu du artistak. 

Azken Mugako programazioaren bueltan antolatu dute erakusketa, baina Gazako herriaren alde bezala, Iraneko egoera ere nabarmendu nahi dutela dio Olmok. Horretarako, larunbatean, Minab 168 mural kolektiboa egingo dute. «50 artistak baino gehiagok hartuko dute parte, eta Irango Minab eskolan 168 haur hil zituzten eta sarraski hori salatu nahi dugu, ankerkeria izugarria iruditzen zaigulako Estatu Batuetako armada horrelako basakeriak egiten aritzea». Horrez gainera, performance bat ere egingo dute, 12:30ean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!