Gazako egoera salatzeko erakusketa, Berastegin

Euskahaldunak Eskultoreen Elkartearen 'Gazako garrasia' izeneko erakusketa egongo da ikusgai Berastegin hilaren 15a arte; gaur egingo dute inaugurazioa.

Palestinako herriak elkartasun keinu ugari jaso ditu azken urteetan. Gazatik iristen diren irudi gogorren aurrean, gizarteak askotariko ekimenen bidez erakutsi du bere babesa, eta hainbat sortzailek artearen bidez erantzutea beharrezkotzat jo dute. Euskahaldunak Eskultoreen elkartea izan da horietako bat eta erakusketa antolatu du Berastegin. Gazako garrasia izena jarri diote erakusketari, eta artearen bitartez kontzientzia piztea du helburu. Guztira, estilo ezberdineko 22 artistek parte hartu dute Berastegiko erakusketan, besteak beste, Gillermo Olmo, Nery Pradelnas Olavarria, Mikel Costa, Pazos, Maite Miguelen, Modesto Arias, Porrillo eta Arantxa Arratibel artisten obrak ikusi daitezke erakusketan zehar. «Bertan parte hartzen dugun artistok adierazi nahi dugu Gazan bizi den egoera ezin dela normalizatu», azaldu dute elkarteko kideek. Lan honekin, besteak beste, Palestinako herriak jasaten duen injustizia salatu eta Gazako biztanleen ahotsa zabaltzeko helburua dutela azpimarratu dute. 

Dagoeneko erakusketa ikusgai dago Berastegiko udaletxeko ganbaran, eta gaur inaugurazio ekitaldia ospatuko dute, 19:00etan. Obrak bertan egongo dira ikusgai hilaren 15era arte. Erakusketara gerturatzeko asmoa duten herritarrek ondorengo ordutegian joan beharko dute: astelehenetik ostiralera egongo dira ikusgai, 09:00etatik 15:00ak arte. Sarrera doakoa izango da. «Bisitariek Gazako errealitateaz gogoeta egiteko aukera izango dute, bai ikuspegi artistikotik, eta baita giza eskubideen ikuspegitik ere», nabarmendu dute elkarteko kideek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!