Berastegiko jaiak 2026

San Joan dantzak, San Lorentzo egunean

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko abuztuaren 10a

Festen egun handiko arratsaldean, dantzan aritu dira berastegiarrak. Lehenik, hamahiru gaztetxok San Joan dantzak dantzatu dituzte; ondoren, heldu talde batek soka dantza dantzatu du.

Lorentzotik gutxi izan du aurten abuztuaren 10ak. Zerua lainotuta egon da egun guztian zehar. Berastegin, ohi moduan, festetako egun handia ospatu dute. Goizean, San Lorentzo baselizan meza izan da, eta ondoren, Mendiko Bizikletako Igoera Herrikoia jokatu da. Eguerdian, pilota partidak izan dira frontoian. Hala ere, arratsaldean heldu da eguneko hitzordu nagusia: San Joan dantzen saioa eta helduen soka dantza.

Hamabost urte inguruko herriko hamahiru neska-mutilek dantzatu dituzte aurten San Joan dantzak. Ondoren, herritar talde batek soka dantza egin du. Garai batean, azken urtean ezkondutakoek dantzatzen zuten; azken urteetan, talde bat osatu dute, eta horiek dantzatzen dira.

Behin dantza saioak amaituta, bertso saioaren txanda izan da: Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Andoni Egaña, Joanes Illarregi, Maddi Ane Txoperena eta Onintza Enbeita ari dira kantuan; gaiak aurkezten, berriz, Iñigo Gorostarzu Etxorde, etxeko bertsolaria. Segidan, zahagi ardoa eta bingoa egingo dituzte, eta San Lorentzo eguna, eta horrekin batera festak, amaitzeko, Imuntzo eta Beloki trikitilariek girotuko dute plaza, 23:30etik aurrera.

Erlazionatuak

Dantzan agurtu dituzte sanlorentzoak

Josu Artutxa Dorronsoro abu 10, 20:52 Berastegi

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!