Bihar eta etzi A-15 errepideko Berastegiko irteera itxita egongo da, gauez

Asteartetik asteazkenerako gauean eta asteazkenetik ostegunerakoan, 22:00etatik 06:00etara egongo da itxita Iruñerako noranzkoko irteera, mugikortasuna kudeatzeko azpiegitura adimenduna instalatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ohiko artapen eta eguneratze lanak egiten ditu A-15 errepideko instalazioetan. Jarduketaren izaeraren arabera, mantentze-lanak egin ahal izateko, beharrezkoa da trafikoan eragitea. Horrela, bihar eta etzi, Iruñerako noranzkoko 141. kilometroko Berastegiko irteera itxita egongo da gauez, mugikortasuna kudeatzeko azpiegitura adimenduna instalatzeko. Donostiarako noranzkoan ez da mozketarik izango.

Bi gauetan, hau da, asteartetik asteazkenera eta asteazkenetik ostegunera, 22:00etatik 06:00etara egongo da itxita irteera. 06:00etatik aurrera, behin-behineko seinaleak desmuntatuko dituzte, eta irteerako adarra zirkulaziorako irekiko dute.

Mozketaren ondorioz, Iruñerako noranzkoan 141 irteera hartu nahi duten A-15 errepideko erabiltzaileek ibilbidea aldatu beharko dute. Zehazki, hurrengo irteeraraino jarraitu beharko dute (138. kilometrokoa), noranzkoa aldatu eta 141 irteera hartu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!