Kuadrillen Eguna ospatzen ari dira Berastegin, San Lorentzo jaien hirugarren egunean. Ohi bezala, arratsaldean, kuadrillen bazkariaren ondoren, kuadrillen arteko jolasak egin dituzte. 10 kuadrillek parte hartu dute, eta lehenik, bost kanporaketa egin dituzte. Horietan denbora onena egin duten bi kuadrillak pasatu dira finalera: Astapotrok eta Intxantek. Finalean, emakumeek lortu dute garaipena.
Arratsaldekoa, ordea, ez da Intxantek kuadrillak aurtengo festetan lortu duen garaipen bakarra. Goizean, Patata Tortilla Txapelketa Herrikoia irabazi du, eta festetako lehen eguneko herri kirol desafioa ere irabazi zuen; kasu honetan, belaunaldi gehiagotako herritarrekin batera. Ondorioz, garaipen hirukoitza Intxantek kuadrillarentzat.
Incansables txarangak girotu du Kuadrillen Eguna. Jolasak amaitutakoan, eta ekaitza lehertzearekin batera, sagardo dastaketa hasi da. Iluntzean zahagi ardoa egingo dute, eta Gabezin erromeria taldeak eta DJ Txekor irurarrak girotuko dute gaua.
Bihar, haurren pilota partidak eta dantza saioa izango dira goizean; arratsaldean, berriz, herri kirol erakustaldia. Hemen San Lorentzo bezperako egitaraua:
- 10:00. Goiz deia.
- 10:30. Herriko aurrebenjaminen, benjaminen eta alebinen pilota partidak.
- Jarraian. Herriko dantza eskolako haurren dantza emanaldia eta dantza soka.
- 18:00. Herri kirolak: Irati Astondoa, Malen Barrenetxea, Maddi Gesalaga, Lierni Osa, Ibai Soroa eta Xabier Zaldua.
- Jarraian. DJ Mikeltxi haurrentzat.
- Segidan. Zahagi ardoa eta bingoa.
- 00:00. Trikidantz erromeri taldea.