Salontzotako lehiaketetan izena emateko aukera zabaldu dute

Ataria 2026ko ekainaren 4a

Salontzotako kartel, baratza, lorategi, leiho, balkoi eta terrazetako lehiaketak antolatu ditu Berastegiko Udalak festa hauetarako, eta izena emateko azken eguna ekainaren 28a izango da.

Berastegiko Udalak, hamahirugarrenez, Salontzotako kartel lehiaketa antolatu du. Hala, irabazlea suertatzen den diseinua aurtengo festetako programaren eta kartelaren azala izango da. Hauek dira parte hartzaileek kontuan hartu behar dituztenak: Diseinua librea izango da; azalaren neurria A4 orriaren erdia (A5) izango da eta horizontalki edo bertikalki egin daiteke; eta diseinuan azaldu beharreko testua Berastegiko Salontzoak 2026. Abuztuak 6, 7, 8, 9 eta 10 izango da, letra larriz edo xehez.

Lanak aurkezteko azken eguna ekainaren 8a izango da. Lana gutun azal batean aurkeztu beharko da eta egilearen datuak aipatu beharko dira.

Baratza lehiaketa

Baratza lehiaketa ere antolatu dute aurtengorako, eta parte hartu nahi dutenek izena eman beharko du udal bulegoan, kultura@berastegi.eus helbidera idatzita edo 943 683 000 zenbakira deituta. Izena emateko azken eguna ekainak 28a izango da.

Baratzak baloratzeko, uztaila amaieran batzordekideek eta barazki-teknikari bat ibiliko dira puntuaketa egiten. Parte hartzaileei aldez aurretik jakinaraziko zaie zein egunetan joango diren. Argazkiak aterako dituzte eta udalaren webgunean izango dira ikusgai.

Sari banaketa Salontzotako herri afarian izango da. Lehiaketa egin ahal izateko, gutxienez, bost parte hartzaile beharko dira. Beraz bost parte hartzaile baino gutxiago baldin badaude, bertan behera geratuko da lehiaketa.

Lorategi eta leiho, balkoi eta terraza lehiaketak

Lorategi eta leiho, balkoi eta terraza lehiaketak ere izango dira aurtengoan, eta parte hartu nahi duenak izena eman beharko du udal bulegoan edo 943 683 000 zenbakira deituta. Izena emateko azken eguna ekainak 28a izango da.

Uztailean, lorezaintza teknikari baten laguntzaz, baloratzera joango dira. Parte hartzaileei aldez aurretik jakinaraziko zaie zein egunetan joango diren. Puntuaketa egiteko kontuan hartuko diren ezaugarriak kolorea, landareen barietatea, konbinaketa, estetika eta txukuntasuna izango dira.

Edozein zalantzaren aurrean kultura@berastegi.eus helbidera idatzi edo 688 681 952 zenbakira deitu beharko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!