Hamasei kirolari aizkoran eta korrika

Ataria 2026ko maiatzaren 14a

Larunbateko kanporaketaren aurkezpena egin dute Berastegin.

Euskal duatloiaren kanporaketa egingo dute larunbatean Berastegiko eskola atarian. Lehenengo hirurak sailkatuko dira Tolosan egingo den finalerako.

Berastegiko eskolako ataria herri kirolaren topagune izango da larunbatean, euskal duatloiaren lehen kanporaketarekin. 17:00etan hasiko da eta kirolariek aizkoran eta korrika aritu beharko dute. Lehenbizi 45 ontzako bi enbor ebaki beharko dituzte, bat etzanda eta bestea zutik; ondoren 500 metro korrika egingo dute, eta berriro 45 ontzako enbor bat etzanda eta bestea zutik ebaki beharko dute.

Hamasei parte hartzaile izango dira bertan: Julen Kañamares, Eloy Corchero, Xuban Kañamares, Oier Mitxelena, Ander Altuna, Urtzi Olasagasti, Jon Erdozia, Aritz Oiarbide, Markel Iturralde, Emilio Garcia, Unai Valverde, Dani Lopez, Mikel Santesteban eta Mikel Indakotxe. Lehenengo hirurak sailkatuko dira finalerako. Tolosan izango da finala ekainaren 7an, eta aurretik beste kanporaketa bat egingo da Zumarragan. Aurreko urteko sei finalistak zuzenean sartu dira finalean.

Berastegiko eskolaren atarian plaza bat muntatuko dute kanporaketa egiteko. Sarrera doan izango da, eta aparkaleku bat egokituko dute herrian, eskolako ataritik 400 metro ingurura.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!