EAJk garrantzi handia ematen dio euskarari eta euskal hizkuntzak bizi duen uneari. Horregatik, hitzordua baliatu nahi du «euskal erakundek gai honetan duten diagnostikoa eta estrategia ezagutzeko, baita egungo egoerak aurkezten dituen arriskuak eta aukerak baloratzeko ere».
Zein da euskararen etorkizunerako estrategia adimentsua eta eraginkorrena? Zein da euskararen ezagutza eta erabileraren gizarte-unibertsoa zabaldu eta handitzeko bide egokiena? Berastegin ospatuko duten ekitaldiak horren guztiaren inguruan hausnartzeko aukera emango du.
Ekimen honek EAJk Tolosaldean garatu nahi duen ekitaldi tematiko eta sektorialen programari jarraipena ematen dio. Lehena duela bi aste Ibarran egin zen, eta oraingo honen ostean, besteak beste, Berrobiko edota Ikaztegietako herritarrentzako proposamenak etorriko direla iragarri dute.
EAJk helburu bikoitza du ekimen honekin; alde batetik, gizarteari interes eta aktualitate handiko gaiei buruzko informazio zuzena hurbiltzea; eta, bestetik, herritarren partaidetzaren alde egiteko baldintzak sortzea.
«Elkarrizketa eta entzutea funtsezkoak dira politika publikoen garapenean. Era berean, gizarte-eragile guztiekin adostasuna bilatzea ere bai. Auzolana gure hizkuntzaren aurrerapenerako funtsezko faktorea da. Sinismen esparru honetan kokatzen da ekitaldi honen antolakuntza», gaineratu dute antolatzaileek.