Igandean larreratuko dituzte abereak Berastegin

Ataria 2026ko apirilaren 28a

Iaz Gipuzkoako larre irekiera egin zuten Berastegin. LEYRE CARRASCO

Igandean eramango dituzte abereak Berastegiko Gorosmendiko larre komunaletara. Larre irekieraz gain, hamaiketakoa ere prestatuko dute ekitaldia ikustera joaten diren guztientzat. Enirio Aralar mankomunitateak antolatuta Aralarko larreak irekitzeko festa, aldiz, ostiralean, maiatzaren 1ean, egingo dute.

Ingurura begiratzea besterik ez dago udaberria iritsi dela ohartzeko: berde-berde zuhaitzak eta mendiak, gorabeheratsu eguraldia... Eta garaiarekin batera, hutsik egin gabe ospatuko dute larre irekiera Berastegin. Igandean —maiatzaren 3an— igoko dute ganadura Gorosmendi, Ipuliño eta San Lorentzo larre komunaletara; eta herritar guztiak gonbidatu dituzte festan parte hartzera.

Andoni Zuriarrain Berastegiko alkateak adierazi du iaztik hona handitu egin dela larreratutako abereen kopurua: «Ganadu kopurua gorantz doa, eta larre komunalak sustatzen jarraitzeko prest dago udala; oso garrantzitsua da eremua mantentzeko eta zabaltzeko egiten ari garen esfortzua». Aurten hamasei abeltzainek eman dute izena, eta, guztira, 856 abere larreratuko dituzte. Zehazki, 681 ardi (iaz 643), 104 behi (iaz 87), 65 behor (iaz 45) eta 6 ahuntz (iaz bat ere ez). Larre komunalen proiektua 2018an hasi ziren lantzen Berastegin.

«Pozgarria da kopuruak gorantz egitea, baina neurtuta egin behar da», azaldu du Zuriarrainek. Larreak «handitzeko eta hobetzeko» lanean ari direla esan du, eta hori egin ezean, larreratzeko abereen kopurua mugatu egin beharko luketela: «Igoera pozgarria da, baina kontuz hartu behar da. Lanean jarraitu behar dugu abere guztiek larrealdi on eta zabal bat izan dezaten». 

Alkateak kontatu du abereak «ahalik eta hilabete gehien» pasatzea mendian dela helburua: «Ez dago egun zehatzik, baina gutxi gorabehera urrira arte egoten dira larreetan. Kopurua handitzen den heinean, janaria ere ugaritu behar da». Horretarako, hain zuzen, hainbat lan egiten dituzte, horien artean, eremua zabaltzea, egokitzea eta ongarritzea.

Abereentzako zelaiak egokitzeko lanean, iazko inbertsioa «oso garrantzitsua» izan zela nabarmendu du alkateak: «Egindako lanei esker ur hornidura bermatu dugu lehengo eremuan eta eremu berrian». Eta eremua hobetzeko lanean ere jarraituko dutela gaineratu du. Hain zuzen, aurtengo «inbertsio garrantzitsua» San Lorentzo larrean itxitura egitea izango dela aurreratu du, eta segidan egingo dituztela prestatzeko lanak: «Lehenik itxitura egingo dugu, baina gero prestatzeko lan gehiago egin beharko dira: lehen pinua zegoen, eta hori garbitu, prestatu... Inbertsio potoloa izango da».

Igandean abereak larreratzeaz gain, hamaiketako bat ere prestatuko dute: «Ikuskizun ederra izaten da ganadua larreratzen ikustea, eta hamaiketakoa batekin borobilduko dugu ospakizuna. Helburua da herritarrek eurena sentitzea larre komunalen proiektua, izatez, hala delako. Festa polita izango da».

Aralarko larreak

Enirio Aralar mankomunitateak antolatuta Aralarko larreak irekitzeko festa, berriz, maiatzaren 1ean egingo dute. Abaltzisketako Larraitz auzoan egin ohi dute jaia eta goizetik hasita hainbat motatako jarduerak izango dituzte, besteak beste, artisauen azoka, eta herri kirolen eta bertsolarien saioa. Berastegiko Gorosmendiko larreak, aldiz, igandean irekiko dituzte.

Egitarauak

Abaltzisketako Larraitz Auzoa

  • 10:00. Abere erakusketa; behor, ardi, ahari, behi eta ahuntzak.
  • 10:00. Eskulangintza saioak eta bertako jakien salmenta.
  • 11:00. Trikitilariak: Iker Sukia eta Aritz Markinez.
  • 12:00. Larre irekiera ekitaldia.
  • 12:30. Herri kirolak eta bertsolariak:
    • Herri kiroletan Malen Morandeira, Hodei Iruretagoiena, Jakes Iruretagoiena, Oihana Barrena.
    • Bertsotan Maialen Akizu eta Bixente Gorostidi.

Berastegiko Gorosmendi

  • 11:00. Larre irekiera ekitaldia. Ondoren. bertaratutakoentzat hamaiketakoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!