Baserritik nola jan daitekeen hausnartuko dute bihar, Berastegin

Ataria 2026ko martxoaren 26a

BE! jardunaldiak ospatuko dituzte bihar Berastegin, 'Baserritik herrira. Tokiko elikadurarentzako estrategiak ' lelopean. Parte hartu nahi duten herritar guztientzat irekiak izango dira.

Berastegiko Udalak iragarri duenez, aurten ez da BE! asteburua izango. Duela hiru urte ospatu zuten lehen aldiz BE! artzain kultura asteburua, artzaintzak Berastegin daukan garrantzia erakutsi eta balioa emateko helburuarekin. Hausnarketarako hitzaldi eta mahai-inguruez gain, ikastaroak, azoka gastronomikoa, artzain kultura ezagutzeko aire libreko museoa edota arkume jatea egin izan dituzte, besteak beste. Aurten, ordea, jardunaldiak bakarrik egingo dituzte, Baserritik herrira. Tokiko elikadurarentzako estrategiak izenburupean.

«Mota ezberdinetako jardunaldiak egin ditugu hiru urtetan eta horiek mantentzea garrantzitsua iruditzen zaigu sektorearen inguruan hitz egiteko», azaldu du Andoni Zuriarrain Berastegiko alkateak. Tolomendirekin elkarlanean antolatu dituzte aurtengo jardunaldiak; Bihar izango dira, 14:45ean hasita, Berastegiko udaletxean, eta Eneko Maioz Tolomendiko lehendakariak gidatuko ditu hitzaldiak.

Elikadura izango da aurtengo gai nagusia eta parte hartzaileek baserritik nola jan daitekeen hausnartuko dute. Alkateak esan du aurtengo egitasmoa lagungarri izango dutela oraindik zehaztu gabe dituzten proiektuei nolabaiteko forma emateko. «Berastegin badago hasi genuen proiektu bat eta oraindik erabat zehaztu gabe duguna, hau da, Zubizabaleta eraikinean jangela, sukaldaritza eskola edo eraldatze zentroa izango den proiektua dugu eskuartean, baina horri forma ematen gabiltza», aipatu du.

Horretarako, hiru jardunaldi antolatu dituzte; baserritik abiatutako berrikuntzaren edo dibertsifikazioaren inguruan ariko da Uxue Artola moxal haragiaren ekoizle amezketarra; herritik antolatutako elikadura politika baten adibidea azalduko du, berriz, Xabier Barinaga-Rementeria Zaindu Leitzaldea ekimeneko partaideak; Eta, azkenik, herriko kooperatibak, lurraldeko beharretatik garapenerako tresnak emango ditu Beñat Inrasuegi Talaios kooperatibako kideak.

BE! jardunaldietara joaten diren herritarrak hausnarketara ere bultzatuko dituzte, eta saio guztien ostean, Berastegin zer aukera ikusten dituzten galderari erantzun beharko diote. Parte hartzaile guztientzat luntxa izango da, eta egunarekin amaitzeko, pintxopote berezia egingo dute, herriko ostatuan eta Urepele gazteen elkartean.

Alkateak biharko gonbita zabaldu nahi izan du eta azpimarratu du jardunaldiak edonorentzako irekiak izango direla, izan herritarra edo ez.

EGITARAUA. MARTXOAK 27, OSTIRALA

  • 14:45. Hasiera. 
  • 14:45. Kafea udaletxean.
  • 15:00. Aurkezpena. Andoni Zuriarrain, Berastegiko alkatearen eskutik.
  • 15:10. Hitzaldiak eta mahai-ingurua, Eneko Maioz gidari.
  • 15:10. Baserritik abiatutako berrikuntza edo dibertsifikazioa. Uxue Artola, moxal haragiaren ekoizlea.
  • 15:30. Herritik antolatutako elikadura politika baten adibidea. Xabier Barinaga-Rementeria (Zaindu Leitzaldea Ekimena).
  • 15:50. Herri kooperatibak, lurraldeko beharretatik garapenerako tresna. Beñat Irasuegi (Talaios kooperatiba).
  • 16:15. Elkarrizketa hizlari guztien artean.
  • 17:10. Herriari begira. 
  • 17:10. Berastegin zer aukera ikusten ditugu? Galera irekia eta hausnarketa.
  • 17:30. Luntxa bertaratutako guztientzat.
  • 19:00. Pintxopote berezia, herriko ostatuan eta Urepele gazteen elkartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!