Julen Garaiburu, fronteniseko izarra Berastegin

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko martxoaren 13a

Pilotalekuan hasi dituzte Berastegiko Gazte Festak, Frontenis Txapelketako finalak jokatu baitituzte bertan; herriko gazteak biak irabazi ditu, banakakoa eta binakakoa.

Gaur hasi dituzte Berastegin Gazte Festak. Frontenis Txapelketako finalek eman die hasiera bi eguneko egitarauari. Eta lehen ekitaldian, jokalari bat nabarmendu da besteen gainetik: Julen Garaiburu. Berastegiar gazteak bi finalak jokatu eta biak irabazi ditu.

Lehenean, banakakoan, Iñigo Lezearen aurka aritu da. Partida parekatua izan da, batez ere lehen zatian; berdinketa asko izan dira markagailuan. Partida erdialdetik aurrera, nekeak eragina izan du zenbait tantotan, eta Garaiburuk alde txikia lortu du, aurkariaren huts egiteei eta bere joko onari esker. Zortea ere lagun izan du tanto batzuetan. Azken zatian, markagailuari eutsi eta 29-23 jarri da aurretik. Tanto bakarra behar zuen txapeldun izateko, eta uste baino lehen lortuko zuela zirudienean, tantoak bata bestearen atzetik egiten hasi da Lezea. Hori bai, lau bakarrik egin ditu segidan; bosgarrena Garaibururen aldekoa izan da. Azkenean, 30-27 irabazi du Garaiburuk.

Bigarren finala, binakakoa izan da. Garaiburu atzelari aritu da, eta Oier anaia izan du atzeko koadroetan aurkari. Asier Sarasola aritu da gorriz Julenekin, eta Oierrek Iosu Goikoetxearekin osatu du urdinen bikotea. Partida hau ere borrokatua eta parekatua izan da. Uneoro, emaitza estua erakutsi du markagailuak. Hasieran, urdinek hiruzpalau tantoko aldea lortu dute; ondoren, gorriek markagailua irauli eta alde txikiarekin aurretik jartzea lortu dute. Partida erdialdean zenbait berdinketa izan dira markagailuan, eta bazirudien 29nakoan erabakiko zela finala.

Urdinak nagusitu dira ia tanto guztietan; haiek markatu duten erritmora aritu dira gorriak, baina defentsa sendoa erakutsi dute, eta nekatuta egon zitekeela uste zen arren, Julen Garaiburuk erresistentzia ikaragarria erakutsi du. Berak jo du pelotakada gehien. Azken zatirako, lau pilotariak nekatuta zeuden, baina gertu ikusten zuten garaipena, urdinek, akaso, gertuago. Hiru tantoren aldea izan dute (24-21), baina gorriek sendo jarraitu dute kantxan, eta hasieran bezala, berriz irauli dute markagailua. Azkenean, 30-28 irabazi dute.

Jana, edana eta musika

Frontenis txapelketaren finalak jokatu ondoren, trikipoteoaren txanda izan da, eta uneotan, Euskal Parrillaren afaria dastatzen ari dira berastegiar gazteak, aparkaleku azpian. Gauean, DJ Izeik musikaz girotuko du gaztetxea.

Biharko ere egitarau zabala antolatu dute. 18:30ean hasiko dira ardo dastaketarekin –pintxoak jateko aukera egongo da–. 21:00etan zahagi ardoa egingo dute aparkaleku azpian, eta ondoren, bingoa. 00:00etan Putzu beltzean taldeak kontzertua egingo du, eta jarraian, DJ Jade ariko da gaztetxean, gazte festei amaiera emateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!