Asteburuan ospatuko dituzte Gazte Festak Berastegin

Ataria 2026ko martxoaren 11

Ostiralean, Frontenis Txapelketako finalak, trikipoteoa eta afaria egingo dute, eta larunbatean, ardo dastaketa, zahagi ardoa, bingoa eta kontzertuak izango dituzte, besteak beste.

Mus txapelketa herrikoiarekin abiatu zituzten joan den larunbatean Berastegiko Gazte Festak. Urteroko legez, Urepele elkartearen bueltan bildu ziren herritarrak partidak jokatzeko eta giro ederra izan zuten bertan. Hala ere, datorren astebururako ere izango dute zertaz gozatu, hainbat jarduera izango baitituzte aukeran.

Ohi moduan, bi egunetarako –ostirala eta larunbata– egitaraua prestatzeaz arduratu dira Urepele biltokiko bazkideak. Ostiralean, 17:30ean hasita, frontenis txapelketako finalak izango dituzte jokoan, eta horiek amaitzean trikipoteoa egingo dute herrian zehar. Iluntzean, 21:00etan, afaria egingo dute aparkaleku azpian Euskal Parrill enpresaren eskutik, eta horren ostean, DJ Izei izango da gaztetxean.

Ardo dasteketarekin abiatuko dute larunbaterako prestatu duten egitaraua, 18:30ean, eta horrekin batera mokadu bat hartzeko aukera ere izango da. Zahagi ardoa ere egingo dute, 21:00etan, aparkaleku azpian, eta horren ostean bingo saioa izango dute. Iluntzean, 00:00etan, Putzu Beltzean metal taldeak girotuko du gaua, eta ondoren DJ Jade izango da gaztetxean.

EGITARAUA

MARTXOAK 13, OSTIRALA

  • 17:30. Fronteniseko finalak.
  • Ondoren. Trikipoteoa.
  • 21:00. Afaria aparkaleku azpian, Euskal Parrillaren eskutik.
  • 00:00. DJ Izei, gaztetxean.

MARTXOAK 14, LARUNBATA

  • 18:30. Ardo dastaketa eta pintxoak.
  • 21:00. Zahagi ardoa aparkaleku azpian.
  • Ondoren. Bingoa.
  • 00:00. Putzu beltzean taldearen kontzertua.
  • Ondoren. DJ Jade, gaztetxean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!