Nerabeentzako proba antolatu dute aurten Negu Trailen

Ataria 2026ko urtarrilaren 28a

Negu Trail mendi lasterketako 2023ko irudia.

Igandean egingo da Berastegiko mendi lasterketa, eta 15 eta 18 urte bitarteko korrikalariek Negu Trail Ttiki proban parte hartzeko aukera izango dute.

Berastegiko IX. Negu Trail mendi lasterketa izango da igandean, eta aurtengoan berritasunekin dator: Negu Trail Ttiki antolatu dute nerabeentzat. «Ikusi genuen aukera polita zela gazteentzat proba batean ateratzeko», esan du Mikel Matxinea antolakuntzako kideak. «Proba nagusian parte hartzeko 18 urte eginda izan behar dira, eta urte hauetan 16 eta 17 urteko bat baino gehiago etorri zaigu galdezka parte hartu ote zezakeen. Aurten erabaki genuen adin tarte horretako gazteei parte hartzeko aukera ematea, ibilbide motzago eta desnibel gutxiagorekin».

Negu Trail Ttiki lasterketak 8,5 kilometroko ibilbidea izango du eta 600 metroko desnibel positiboa. Negu Traileko ibilbidea azken urteotako bera izango da, 16 kilometro eta 1.000 metroko desnibel positiboa, eta gazteen probak azken zatia partekatuko du. Negu Trail probak hiru tontor pasatzen ditu, hau da, Urdelar, Larre edo San Lorenzo eta Ipuliño, eta Negu Trail Ttikik Ipuliño bakarrik.

Probaren egunean 15 urte beteta eta 18 urte bete gabe dituztenek parte hartu dezakete Gazteen lasterketan. «Ez da oso adin tarte zabala, eta 50 dortsal atera ditugu. Erdiak inguru [astearte arratsalderako] hartuta daude, eta oraindik aukera dago izena emateko», esan du Matxineak. «Lehenengo urtea izanik, eta hain adin tarte estuarekin, gu oso pozik gaude 25 parte hartzaile badaudelako. Gehiagok parte hartzen badute, hobe». Internetez eman behar da izena, Rockthesport.com helbidean, eta ostiral gauean amaituko da epea.

Proba nagusia 10:00etan hasiko da eta gazteena ordubete beranduago. «Irteeran ordubeteko tartea jarri dugu, gure asmoa baita gazteek aukera izatea helduekin batera ibilbidean korri egiteko», azaldu du antolatzaileak. «Bukaera aldera proba nagusiko parte hartzaileak sakabanatuta joaten dira, eta horrek ahalbidetuko du gazteak lasterketa nagusiaren parte bezala sentitzeko, helduen babesean korri egiteko».

Herritar ugari ariko dira parte hartzen

Epea ireki eta berehala hartu ziren proba nagusirako dortsal guztiak. «Harrituta gaude, azken urteotan epea ireki eta eromena izaten baita, webgunea blokeatzerainokoa. Ordu eta erdi inguruan 300 dortsalak saldu ziren, eta itxaron zerrenda ere bete egin zen», ekarri du gogora. «Alde batetik pozgarria da guretzat, esan nahi baitu jendeak etortzeko gogoa duela. Bestetik, arazo bihurtzen ari da, aurretik parte hartu duen jende askok deitu baitigu aurten ez duela lekurik esateko. Hurrengo urtera begira agian izena emateko beste modu batzuk baloratu beharko ditugu».

Antolakuntzak beste behin eskertu egin die boluntario lanetan ariko diren herritarrei. Ehundik gora elkartuko dira Berastegin Negu Trail aurrera eramateko. Bestetik, Matxineak nabarmendu du bi probak kontuan hartuta 45 herritar inguruk parte hartuko dutela: «Berastegi bezalako herri txiki batean hainbeste herritarrek parte hartzea zoriontzekoa dela iruditzen zaigu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!