Berastegik 1,7 milioi euroko aurrekontua izango du

Ataria 2026ko urtarrilaren 27a

Bi herritar berastegi inguruan paseatzen. LEYRE CARRASCO

Iaz baino 55.700 euro gehiago izango ditu Berastegiko Udalak; besteak beste, irisgarritasunarekin lotutako proiektu ugari landuko dituzte aurtengoan.

Aurten, Berastegiko Udalak 1.747.276,39 euroko aurrekontua izango du; iazkoa baino 55.700 euro gehiago, eta inbertsioetarako 355.500 euro izango dituzte. EH Bildu taldeko zazpi zinegotzien aldeko botoekin eman zioten behin behineko onarpena aurrekontuari azaroaren 11n.

Berastegin, aparkaleku falta «nabarmena» dela dio Andoni Zuriarrain alkateak. Hori dela eta, herriko sarreran, Etxeluze eta Etxe aurre bitartean dagoen gunean 27 aparkaleku plaza egingo dituzte. Alkateak aipatu du garrantzitsua iruditzen zaiela aparkaleku berriak egitea: «gune hori autoz beteta dago, eta inguru horretan etxebizitza berriak egiten ari garenez, etorkizun batean beharko dira». Halaber, Ategiko etxebizitzen hirugarren fasea amaitzear dela gaineratu du, eta udarako giltzak ematea espero dute.

Iaz, Izotzalde auzoaren inguruan dagoen gunea argiztatzen hasi ziren, eremu horretan argiteria gehitzeko eskaera ugari jaso baitzituzten. Hain justu, Iturritzatik Arbidera bitarteko bidea argiztatu zuten, eta horri jarraipena emateko asmoarekin, orain, Arbidetik aurrera doan beste 300 metro gehiago argiztatuko dituzte.

Horrez gain, joan den urtean, Irisgarritasuneko Plan Integral berria onartu zuen udalak eta horrek urtero inbertsio batzuk egitea eskatzen duenez, aurten, hainbat lan egitea aurreikusi dutela jakinarazi du alkateak: «Esaterako, udalak eta Foru Aldundiak elkarlanean proiektua bat burutuko dugu: Modestonea eta Bista Eder bitarte falta den espaloi zatia eraikiko dugu eta Bistaeder bitarteko egokitzapenari hobekuntza batzuk egingo dizkiogu, herri sarrerako irisgarritasuna erabat moldatuz».

Herri bideak konpontzeko beste partida bat ere jarriko du udalak. Bereziki, joan den ekainaren 13ko gauean izandako uholdeen ondorioz izan ziren kalteak konpontzeko erabiliko dute. «Elduako kanposantutik Ibinera doan eremu batean hondamendia izan zen eta tartean lur-jauzi bat ere sortu zen». Foru Aldundiak emandako diru laguntzez gain, inbertsioetako zati bat horretara bideratuko dute.

Aurtengo beste partida bat Zubizabaleta eraikinera bideratuko dute, garbigailu industriala instalatzeko. Iaz, beheko solairuan eraldatze-zentroa deitzen diotena eraiki zuten, sukalde eta jangela batekin, eta aurten espazio hori zerbitzuz betetzen joateko asmoa dutela azaldu du alkateak, «herrian antolatzen ditugun ekitaldietan behar izaten ditugun gauzak bertan garbitzeko eta lana aurreratu ahal izateko».

Iaz, eskola ingurua eta frontoia berritzeko parte hartze prozesua abiatu zuen udalak. Proiektu honekin batera, eskolako efizientzia energetikoa hobetzeko asmoa dutela esan du alkateak: «kontsumoa % 25 jaitsi dezakegu eta hor inbertsio handia egin behar dugu. Hezkuntzak diru laguntza emateko modua du eta hori aprobetxatuz eta hezkuntzarekin landuz, eskolako teilatua, leihoak eta inguratzailea bera berritzeko proiektua egiten ari gara. Horrekin batera, berez datorren urtean egitea aurreikusten genuen, baina, aurreratu egin dugu, eta aurten parkea ere berrituko dugu. Modu horretan eskola eta frontoiko proiektua garatu ahalko ditugu datorren urtean».

Urtero moduan, larre komunalaren proiektua garatzen jarraituko dutela esan du alkateak eta inbertsio zati handi bat horretara bideratuko dute. «Urteroko zati berdina bideratuko dugu larre komunaletako eremura, beti bezala txukun mantendu eta zabaltzeko», gaineratu du.

Mugak digitalizatzeko lanetan ere jarraitzen du udalak, eta aurten, bigarren faseari ekingo diote. Foru Aldundiak diru laguntza batzuk atera zituela azaldu du alkateak, «hamar urtetan muga proportzio batean egiteko eta Gipuzkoako lursail guztiak digitalizatzeko», eta pausoak ematen dabiltza Berastegin. Iaz, 7 eta 9 poligonoak hartu zituzten, eta aurten, 1 eta 2 poligonoak hartuko dituzte. Lan hau egiteko herritar guztien borondatea behar dela azpimarratu du alkateak: «proiektu honen helburua dena ondo eta txukun digitalizatuta jartzea da lur jabeen jakintza oinarri hartuta». 

Tokiko garapenari begirako lanketak ere egingo dituzte, eta 2027an, azkenean, kolektorearen lanekin hastea aurreikusten dutenez, diru partida bat gordeko dute bertara bideratzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!