Udazkeneko azoketan ere opariak erosteko aukera zabala izaten da, eta eskualdean badira urtaro honetan horiek antolatzen dituzten hainbat herri. Horietako bat da Berastegi. Kultur Astearen barruan, azaroan ospatu zuten azoka berezia, baina hil honetan ere hitzordu garrantzitsua izango dute: bigarren eskuko elkartasun azoka egingo dute.
Berastegiko J.A. Muñagorri eskolak antolatzen du urtero. Eskolako proiektu baterako hondakinen gaia aitzaki hartuta hasi ziren antolatzen duela 19 urte inguru. Berrerabilpena bultzatzeko asmoarekin antolatzen dute azoka, eta asteburuan egingo dute aurtengoa, aparkaleku azpiko lokalean; ostiralean, 16:15etatik 18:30etara, eta larunbatean eta igandean, 11:30etatik 13:00etara zabalduko dute.
Horretarako, materiala biltzen aritu dira egunotan. «Saldu gabe geratzen den materiala oraindik beste zenbait urteetan erabiltzeko prest dagoela ikusten badugu, eskolako ganbaran gordetzen dugu hurrengo urteko azokan saltzeko edo Emausera ere eramaten dugu», gehitu du Iban Goikoetxea zuzendariak.
LAGUNTZA ETIOPIARA
Bigarren eskuko azokan lortutako dirua Etiopiako Wukro herrira bidali ohi dute, eta aurten ere asmo bera izango dute.«Eskola, ospitalea eta ura biltzeko depositua eraikitzen dabiltza, eta proiektu horietan laguntzeko bidaltzen diegu diru hori», azaldu du zuzendariak.
Hala ere, hori ez da Wukro herriarekin duten elkartasun keinu bakarra; Kultur Astearen barruan egiten den azoka berezian ere postu bat jartzen baitute asmo berdinarekin. «Postu horretan, eskolan dugun baratzean bildutako barazkiak eta hiru saski ere zozketatzen ditugu, udalak opari gisa ematen dizkigun gazta lehiaketako hiru gazta irabazleekin».
Aurtengo azoka berezian 1.075 euro bildu dituzte guztira, eta bigarren eskuko elkartasun azokan lortzen duten diru kopurua batuta Etiopia Utopia Fundaziora bideratuko dute.