ELKARRIZKETA

«Gure babarrunak Senegalekin solidarioak eta ongizate emozionalaren emaitza dira»

Jon Miranda Labaien 2025eko abenduaren 12a

Sebas Gartziarena Lasarte babarrun ekoizlea. J.M.

Aurten Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketan hirugarren saria jaso du Sebas Gartziarena Lasarte berastegiarrak. Taldean egiten dute lana, eta ekoizpenagatik lortutako etekina Senegalgo Kelle herrira bideratzen dute.

Ibaiondo etxean, eta Senegalera bidaiatu bezperan, Tolosako Babarrun Ekoizleen Lehiaketako hirugarren saria eskuratu eta egun gutxira hitz egin du Sebas Gartziarena Lasartek (Berastegi, 1969) ATARIArekin. Kalitatezko babarrunaren sekretuaz hitz egin du, besteak beste.

Noiz eta nola hasi zinen babarruna ekoizten?

2015ean hasi nintzen. Emaztea zendu zitzaidan, eta, nahiz eta hori motibo triste xamarra izan, horrelako egoerek bete izaten dute euren ifrentzua. Seme nerabeekin hasi nintzen babarruna ereiten, haiei erakustearren diru pixka bat ateratzea zenbat kostatzen den, eta sakrifizioaren balioa ezagut zezaten. «Sosa batzuk irabazi nahi al dituzue?», galdetu nien semeei eta, haiek baietz esanda, Babarrunaren elkarteko Xabier Goikoetxearekin harremanetan jarri, eta horrelaxe hasi ginen mundu honetan.

Ezer jakin gabe hasi zineten?

Ezer jakin gabe hasi ginen. Urtez urte joan gara ikasten. Lehenengo urtean ikaragarrizko haizeteak izan genituen, eta hankaz gora bota zizkiguten hainbat ilara. Sekulako lanak hartu genituen, eta semeak nazkatu egin zitzaizkidan. Ordurako Kellensensa gobernuz kanpoko elkartea abiatua genuen, eta Aitor Lizarza lagunak proposatu zidan elkarrekin lan egitea babarrunak ekoizten; salmentatik ateratako etekina Senegalgo Kelle herrira bidaltzea erabaki genuen. Huraxe izan zen aitzakia babarrunak ekoizten jarraitzeko. Niri gustatzen zait lehen sektoreko lanbide hau, baina askotan neketsua izaten da, eta lan hauekin jarraitzeko lagun taldea alboan edukitzea erabakigarria izan da.

Lan handia eskatzen al du babarrunak?

Lan sakrifikatua da. Ereitea, belar txarrak kentzea, hagatxoak eta sareak jartzea, biltzea, lehortzea eta atzetik datorren guztiak sekulako lanak ematen ditu. Horregatik pentsatu nuen lan astun honi buelta bat ematea: lana egin bai, baina ondo pasatu ere bai. Babarruna biltzerakoan, egunetako batean behintzat, otordutxo bat prestatu, eta musika eta dantza izaten ditugu etxe inguruan. Lana egiteko filosofia aldatu dugu.

 

«Bilketa egiten dugunean, otordutxo bat prestatu, eta musika eta dantza izaten ditugu etxe inguruan. Lana egiteko filosofia aldatu dugu»

Laguntzaile asko izaten dituzu?

Bai. Ikusita guk hain ondo pasatzen genuela babarrunak biltzen, pentsatu genuen interesgarria izan zitekeela aukera hori pertsona zaurgarrienei zabaltzea. Iaz, Ordiziako Garaguneko lagunak etorri ziren, eta aurten, Ordiziakoez gain, Ibarrakoak ere gonbidatu ditugu. Ahalegintzen gara egun hori entretenigarria egiten, eta haiengan oroitzapen polita uzten. Lehiaketatxo bat antolatzen dugu ea nork babarrun gehiago biltzen duen ikusteko, eta gero sariak banatzen ditugu; besteak beste, koloretako arrautzak egiten dituzten oiloak dauzkadanez, haiek errundakoak ematen dizkiet opari. Aurten 20 pertsona baino gehiago bildu gara, eta denak joan dira oso aho-zapore onarekin.

Zergatik da hain ona zure babarruna?

Tolosako Babarrunaren Elkartean gauden ekoizle guztiok kalitatezko babarruna ekoizten dugu, baina badira ezaugarri partikular batzuk babarrun batzuk berezi egiten dituztenak. Guk umorearekin, kantuz, musikarekin, pertsona bereziekin... egiten dugu lan. Osagai horiekin, babarrunak lapiko batean sartuko bagenitu, egosi ere egin gabe, dantzan hasiko lirateke.

Azkeneko emaitzan ere nabari da zuen egiteko modu hori?

Bai, zeren Berastegiko lautada honetan ekoizten ditugun babarrunak ez dira bakarrik solidarioak Senegalekin, ekoizteko garaian eta hazterakoan, ongizate emozionalaren emaitza dira. Eta ez soilik desgaitasuna duten neska-mutikoengatik, baita guregatik ere. Modu horretara nola aritzen garen ikusten dudanean, esaten diot neure buruari: «Ederra da babarruna ekoiztea». Zoriontsu izan nahi badugu, emozioak aintzat hartu behar ditugu, eta babarrunak dira guretzat aitzakia bizipoza sentitzeko.

«Bizitza honetan zoriontsu izan nahi badugu, emozioak aintzat hartu behar ditugu; babarrunak dira guretzat aitzakia bizipoza sentitzeko»

Berastegiko zure etxearen inguruko lurretan ereiten duzu babarruna. Toki aproposa da?

Hain altu egonik, eta Berastegin halako muturreko eguraldia egiten duela ikusita, hemen ateratzea okurritzen zaion babarruna jaiotzez da txapelduna [barrez]. Normalean, hazia ereiteko garaian, garrantzitsua da lurra epeltzen hasita egotea, eta ia 500 metrotara gaudenez, guri gehixeago kostatzen zaigu hastea. Maiatzean oso aurrera, ia ekaina hasieran hasten gara ereiten.

 

«Berastegin halako muturreko eguraldia egiten duela ikusita, hemen ateratzea okurritzen zaion babarruna ja jaiotzez txapelduna da»

Noiz biltzen duzue babarruna?

Irail bukaeran; urri erdirako denak bilduta izaten ditugu normalean. Aurten, maiatz bukaeran bero zakarragatik lehenengo ereinaldia kiskali zitzaigun, bigarrena berriz, ekain erdialdeko kazkabarragatik, eta, azkenean, hirugarren aldian erein genuen, San Fermin egunaren bezperan, inoiz baino beranduago. Horregatik, bilketa azaro erdialdera arte luzatu zaigu.

Zer behar du babarrunak ondo hazteko?

Euri pixka bat beharrezkoa du eta bero pixka bat ere bai; baina ez gehiegizkoa, bero handiak loreak eta landareak kiskaltzen baititu. Gu ere aldaketa klimatikoaren ondorioak nabaritzen hasita gaude.

Zenbat kilo ekoizten dituzu urtean?

Oso desorekatua izaten da kopurua, eta eguraldiak baldintzatzen du. Iaz ehun kilo baino gutxiago bildu genituen eta aurten 400 kilo ingurura arrimatuko gara. Eremu berdinean, mimo berdinarekin landu eta emaitza aldatu egiten da urtez urte. Behar bezala etorri dadin, giroak lagundu behar dio babarrunari.

Zenbateko lursaila duzu babarruna ereiteko?

2.500 metro koadroko lursaila dugu babarruna ereiteko, bi eremutan banatuta. Guk hagatxoak eta sareak jarrita egiten dugu lan, artoarekin erein ordez. Modu horretara erosoago egiten zaigu ilara artean ibiltzea.

Ekoitzitako guztia saltzen duzue?

Bai. Egiten dugun babarruna baino gehiago eskatzen digute. Aurtengoa ere dena salduta daukagu.

Iaz Tolosako Babarrun Ekoizleen Lehiaketan lehenengo saria eskuratu zenuten. Espero al zenuten?

Ezta batere. Beste ekoizle batzuekin alderatuta gu berriak gara, eta ez genuen uste horrelako sari bat lor genezakeenik. Iaz, inoiz baino kantitate gutxiago ekoitzi eta saria irabazi genuen; uzta eskasa izan zen, baina kalitatezkoa. Pandemia aurretik ere, 2019an, lehen saria eskuratu genuen eta orduan ere ezustekoa izan zen. Aurten, berriz, hirugarrena eskuratu dugu eta guretzako ohore handi bat izan da.

Zuen babarrun solidarioen berri emateko erakusleiho polita dira sariak?

Bai. Babarruna ekoizte hau guretzat medioetan agertzeko aitzakia bat da. Gure gobernuz kanpoko erakundearen berri emateko aukera ematen digute, eta eskertuta gaude.

Nondik nora sortu zenuten Kellesensa gobernuz kanpoko erakundea?

Aitor [Lizartza] lagunak du errua. Asuncion Klinikako kafetegian egiten du lan, eta aldamenean Nene senegaldarra aritzen da sukaldean. Lehenengo aldiz haren etxera joan ginen gonbidatuta, eta hango bizi baldintzak bertatik bertara ikusita, konturatu ginen han bazegoela zeregina. Hori izan zen gobernuz kanpoko erakundea sortzeko arrazoia.

Senegalen nora joaten zarete?

Kelle herrira. Dakar hiriburutik ehun kilometrora dago iparralderantz, Saint Louis hiria baino hegoalderago. 3.500 biztanle inguru ditu, eta bertako anbulatorioak artatzen ditu inguruko herrixka txikietako biztanleak. Gutxi gorabehera, 12.000 pertsonen osasun beharrei erantzuten diete, eta ez dago medikurik; erizaina da, azierto handiarekin diagnostikoak egiten dituena. Haren esku dago medikazioa, erditzeak artatzea... Artista handiak dira erizainak, baliabide gutxirekin ateratzen dute lana aurrera. Zerua irabazita daukate.

Zer-nolako laguntza bideratzen duzue hara?

Guk hemendik laguntzen diegu, baina haiek haien bizimodua euren kabuz aurrera atera dezaten. Hiru esparrutan saiatzen gara hango komunitatea laguntzen: osasunean, hezkuntzan eta emakumeen ahalduntzean.

Zu erizaina zara. Alde handia dago hemengo eta hango osasun sistemaren artean?

Bai, izugarria. Gu joaten garenean, gutako bakoitzak 23 kiloko maletatzarra eramaten du botikaz eta osasun materialaz beteta. Gabezia handia dago han medikazioari dagokionez, eta erditzeko mahaiak, oheak eta inkubagailuak berritzen lagundu izan dugu. Ebakuntzak egin izan ditugu eta iaz mediku bat eraman genuen infiltrazioak egiteko.

Hezkuntza arloan zein aurrerapen eman dituzte azkeneko urteetan?

Lehen eta bigarren hezkuntzan informatika gelak martxan jarri ditugu. Komunak egokitu eta eskolara bizikletaz joateko modua ahalbidetu diegu; kontuan hartu eskolatik 10 kilometrora bizi direla ume horietako asko, eta haien eskura bizikleta bat jartzea absentismoari aurre egiteko modu bat da. Hezkuntza mailako azterketak egiten direnean, Kellekoek emaitza onak izaten dituzte, Senegalgo beste herritakoekin alderatuta.

Emakumeen egoera zein da Senegalen?

Kontuan hartu behar da erlijioak indar handia daukala herrialde hartan, emakumeen ahotsa nahikoa zanpatuta egoten da. Zerealak eraldatzeko proiektutxo bat daukagu Kellen, emakumeek zereala jaso eta transformatu egiten dute salmentarako. Zukuak egiteko proiektu bat ere badugu eskuartean.

Noiz zoazte eta zein asmorekin?

Urtero joaten gara azaro bukaeran edo abendu hasieran, eta dozena bat egun pasatzen ditugu bertan. Bospasei pertsona joaten gara eta lanean pasatzen ditugu egun horiek. Atzo itzuli ginen bertatik, erabat asebeteta, egiten dugun ekarpen txiki horren onura nola jasotzen duten ikusita.

Kontatzen diezue hemengo babarrun solidarioei esker egiten direla han hainbat gauza?

Bai. Guretzat inportantea da hara joaten garenean haiek ere jakitea gu Senegalera joaterako hemen zenbat lan egin behar izan dugun. Hemen ere ez da dirua zerutik erortzen. Guk babarrunak salduta lortzen dugu dirua, baina ez modu horretara bakarrik; Gipuzkoako Foru Aldunditik ere jasotzen ditugu laguntzak, eta jendeak bere dohaintzak egiten dizkigu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!