Udaberriko azoketan ere opariak erosteko aukera zabala izaten da, eta eskualdean badira urtaro honetan horiek antolatzen dituzten hainbat herri. Horietako bat da Berastegi. Kultur Astearen barruan, azaroan ospatu zuten azoka berezia, baina hil honetan ere hitzordu garrantzitsua izango dute: bigarren eskuko elkartasun azoka egingo dute.
Berastegiko J.A. Muñagorri eskolak antolatzen du urtero. Eskolako proiektu baterako hondakinen gaia aitzaki hartuta hasi ziren antolatzen duela 19 urte inguru. Berrerabilpena bultzatzeko asmoarekin antolatzen dute azoka, eta hilaren 12, 13 eta 14an egingo dute aurtengoa, aparkaleku azpiko lokalean; ostiralean, 16:15etatik 18:30etara, eta larunbatean eta igandean, 11:30etatik 13:00etara zabalduko dute.
Horretarako, materiala biltzen ariko dira egunotan; bihar, ostegunean, datorren asteartean, asteazkenean eta ostegunean bilduko dute materiala eskolan. Azokarekin bat egin nahi dutenek eskolako ordutegian eraman beharko dute materiala, 9:00etatik 16:00etara. Materiala eskolako ordutegian eraman ezin dutenek eskolarekin jarri beharko dira harremanetan 943 89 91 29 telefono zenbakira deituta, materiala beste hitzordu batean eraman ahal izateko.
Materialari dagokionez, denetik jasotzen dutela zehaztu du Iban Goikoetxea zuzendariak, baina normalean, arropa, liburuak, jostailuak eta altzariak biltzen dituzte. «Saldu gabe geratzen den materiala oraindik beste zenbait urteetan erabiltzeko prest dagoela ikusten badugu, eskolako ganbaran gordetzen dugun hurrengo urteko azokan saltzeko edo Emausera ere eramaten dugu», gehitu du zuzendariak.
ELKARTASUNA ETIOPIARA
Bigarren eskuko azokan lortutako dirua Etiopiako Wukro herrira bidali ohi dute, eta aurten ere asmo bera izango dute.«Eskola, ospitalea eta ura biltzeko depositua eraikitzen dabiltza, eta proiektu horietan laguntzeko bidaltzen diegu diru hori», azaldu du zuzendariak.
Hala ere, hori ez da Wukro herriarekin duten elkartasun keinu bakarra; Kultur Astearen barruan egiten den azoka berezian ere postu bat jartzen baitute asmo berdinarekin. «Postu horretan, eskolan dugun baratzean bildutako barazkiak eta hiru saski ere zozketatzen ditugu, udalak opari gisa ematen dizkigun gazta lehiaketako hiru gazta irabazleekin».
Aurtengo azoka berezian 1.075 euro bildu dituzte guztira, eta bigarren eskuko elkartasun azokan saltzen dutena batuta Etiopia Utopia Fundaziora bideratuko dute.