ELKARRIZKETA

«Gure burua ezagutzen laguntzen gaitu heziketak»

Leyre Carrasco 2025eko azaroaren 12a

Aitziber Aizpururen ustetan, elikadura osasuntsua izatea eta kirola praktikatzea dira menopausiaren sintomatologia leuntzeko dauden estrategiarik onenak.

Nutrizioak menopausia prozesuan nolako garrantzia duen jabetzeko tailerrak antolatu ditu Berastegiko Askamare Talde Feministak. Joan den ostiralean egin zuten lehena, Aitziber Aizpuru dietista-nutrizionistak gidatuta. Azaroaren 14an eta 29an egingo dituzte hurrengo bi saioak, eta horietan landuko dutenaren inguruan aritu da Aizpuru.

Dietista-nutrizionista eta Eliku zentroko arduraduna zara. Noiz sortu zenuen Eliku?

Maiatzean 30 urte beteko dira Eliku zabaldu zela. Horren irikierarekin elikadura nire pasioa bihurtu zen, ordura arteko ikasketak nahi nuen puntura bideratzen hasi nintzelako. Bitarte horretan beti ikasten aritu naiz. Hasieran, haurren elikadura, gizentasuna eta dietaterapia bezalako graduondokoak egin nituen, baina azken urteetan elikadura eta menopausia prozesuaren ingurun aritu naiz ikasten etengabe.

Hain justu, aipatu duzun azken horren inguruan aritu zinen ostiralean, Berastegin. Zer moduz joan zen?

Oso oso gustura nago. Gainera, unibertsitateko ikasketak bukatu ostean egin nuen lehen tailerra ere Berastegin izan zen. Ikasketetako lagun bat bertakoa zen eta hari egin zien proposamena, eta hark nirekin batera egitea pentsatu zuen. Hala egin genuen. Haurren elikaduraren inguruan aritu ginen, baina oso gaizki atera zitzaigun. Geroztik, tailerrak emateko beldur eszenikoa izan dut, baina azken urteetan arantza hori kentzeko gogoarekin egon naiz, eta komunikazio ikastaro asko egin ditut. Duela hilabete Berastegitik hots egin eta beste tailer bat emateko proposamena egin zidaten. Beraz, arantza berriro bertan kentzea lortu dut, eta azken hau oso ondo joan da.

Zer antolatu zenuen lehen saio horretan?

Azken urteetako ikasketa hauek oso ondo etorri zaizkit bai profesionalki, bai pertsonalki ere. Azken finean, profesionalki dudan ardura edo betebeharretako bat eguneratuta egotea da, baina pertsonalki ere hala egon behar dut, eta tailer honekin hori adierazi nahi izan dut. Gure burua ezagutzen laguntzen digun tresna bat da heziketa, baita aldaketa fisikoak ulertzen eta bizi kalitatea hobetzeko zein estretategia erabili erabakitzen ere. Eta hori izan da saio honen asmoa; herritarrak ahalmendu nahi izan ditut gertatzen zaienaren inguruan jabetzeko, zein aldaketa izan dituzten jakiteko, eta ondoren, zein estrategia erabili behar duten erabakitzeko.

Zeintzuk dira menopausiaren lehen sintomak?

Sintoma asko daude: umore aldaketak, beroaldiak eta azalaren lehortasuna, besteak beste. Hala ere, emakume bakoitzak sintoma desberdinak izaten ditu. Adibidez, emakumeen % 60tik % 80ra beroaldi sintomak izaten dituzte. 

Horiek leuntzeko estrategiak ere aipatu dituzu. Zein aholku eman zenezake?

Garai honetan akats handienetako bat proteinen kontsumoa gutxiatzea da eta beharrak gehituta daude. Bestalde, osteoporosi arrisku ugari daudenez, ezin ditugu gantz osasuntsuak ahaztu, ezta karbohidrato konplexuak edo energia eman eta lasaitzen gaituzten zuntzak ere.

Elikagaiak aipatu dituzu, baina kirola ere ezinbestekoa da.

Sintomatologiak gutxitzen asko lagunduko digun beste estrategia bat da kirola. Orain hain modan dauden indar ariketak asko laguntzen dute horretan, azkenean, masa muskularra igotzen laguntzen dutelako eta ariketa horiek beharrezkoak dira, baina ezin ditugu ahaztu ariketa aerobikoak ere; hala nola, ibiltzea, korrika egitea, igeriketa eta mendira joatea. Hala ere, burua lasaitzen laguntzeko yoga eta pilates dira kirol gomendagarrienak.

Menopausiaren aurretik, perinopausia izaten da. Nola detektatu daiteke hori?

12 hilabete hilerokorik gabe egon osteguko egun horri deitzen zaio menopausia, baina ezin dugu soilik egun horretan zentratu. Alegia, menopausia-prozesu osoa izan behar dugu kontuan eta, hain justu, aurretik dagoen prozesu horri perinopausia deitzen zaio. Aldaketa hormonalak 35 edo 40 urterekin hasten dira, eta halako tailerretara 50 urtetik gorako emakumeak bakarrik etortzen dira, baina aldaketa hormonalak aurretik hasten diren adin tarte horientzako ere badago zuzenduta tailerra.

Ez da Berastegin egingo duzun saio bakarra izango ordea; azaroaren 14an eta 29an beste bi saio emango dituzu. Nola antolatu dituzu datozen bi saioak?

Bigarrengo saioan asteko menua antolatzen erakutsiko dut. Askotan esaten da ondo jatea oso erraza dela edo misteriorik ez duela, baina nola egiten da? Gaur egun badaude tresnak ebidentzia zientifikoa dutenak edo eguneratuta daudenak, eta horietan oinarrituz asteko menua antolatzen ikasiko dugu.

Hirugarren eta azken saioan, berriz, ikasitakoa praktikan jarriko dugu, eta egunerokotasunerako plater errazak sortuko ditugu. Askotan gertatzen da menopausia prozesua nola den jakiten duzuenean, menuak antolatzen ere badakizula, baina presak eta denbora faltak izaten direnez, hau dena nola gauzatzen dugu? Ordu pare bat hartu eta errezeta estrategiko batzuk egiten ikasiko dugu, menuak lasai prestatzeko eta asteko antolaketa posible izateko.

Saio horietara joan ezin dutenek nola jarri daitezke zurekin harremanetan?

Eliku zentroko webgunera (Elikuzentroa.eus) sartzen badira, harremanetan jartzeko bide guztiak topatuko dituzte: kaixo@elikuzentroa.net helbide elektronikora idatzita, 943 816 658 telefono zenbakira deituta edo Facebook (Eliku Zentroa) edo Instagram (@elikuzentroa) kontuetara idatzita egin daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!