Abererik gabe, baina giro ederrean egin dute azoka Berastegin

Leyre Carrasco 2025eko azaroaren 2a

Azokarekin agurtu dute, gaur, Berastegiko Kultur Astea. Denetariko postuak eta urteroko lehiaketak izan dira azokaren bueltan, baina aurten ez da abere erakustaldirik egon.

Eguraldi txarra emana zegoen arren, giro ezin hobea izan dute gaurkoan berastegiarrek. Izan ere, azoka eguna izan dute. Hala, herriko zein inguruko artisau eta nekazarien produktuak ikusi, dastatu eta erosteko aukera izan da pilotalekuaren bueltan. Aurtengo azokan, ordea, ez da abere erakustaldirik egon, dermatosi nodular kutsakorra dela eta.

Intsektuek transmititutako gaitz birikoa da, behiei eragiten diena; aldiz, gizakien osasunean ez du ondoriorik. Gaixotasunaren eragina, ordea, handia da abeltzainentzat, aziendako behi bakarra gaixotuta ere, guztiak hil beharko liratekeelako. Hala ere, abereen presentzia aurtengo azokan ere egotea nahi izan dute, eta Luis Eraso herritarrak egindako egurrezko abereen figuren erakusketa jarri dute eskolako patioaren bueltan.

SARIAK BANATUTA

Lehiaketek ere izan dute tartea aurtengo azokan, baina aipatutako egoera dela eta, aurten ez da bildots, ardi eta ahari lehiaketarik ospatu. Hala ere, udalak gogoan izan ditu azken unera arte parte hartzeko prest agertu diren ganadu zale guztiak, eta horien prestutasuna eskertu dute.

Gainontzeko lehiaketak –argazki rallya, gazta, postu eta natilla lehiaketak– martxan izan dira eta sariak ere banatu dituzte. Aurten, gainera, lehen aldiz ospatu dute natilla lehiaketa eta arrakasta handia izan du. Honela geratu dira emaitzak:

  • XXVII. Argazki Rallya
    • Lehenengo saria: Jon Eskudero
    • Bigarren saria: Uxue Garmendia
    • Hirugarren saria: Irati Rekondo
  • XXVII. Postu lehiaketa: Sebas Gartziarena
  • XXXIV. Gazta lehiaketa
    • Lehenengo saria: Iker Ugartemendia
    • Bigarren saria: Iraitz Garaiburu
    • Hirugarren saria: Hipoli Lasarte
    • Laugarren saria: Lukas Etxeberria
    • Bosgarren saria: Jose Inazio Ugartemendia
  • I. Natilla lehiaketa
    • Lehenengo saria: Ixiar Zubillaga
    • Bigarren saria: Aitziber Astigarraga
    • Hirugarren saria: Mireia Garaiburu

Gazta lehiaketako epaile lanetan aritu dira, besteak beste, Andoni Zuriarrain alkatea, Patxi Ezeiza, Julian Uranga eta Axun Etxeberria. Azken honi omenaldi txiki bat egin diote, 25 urtetan epaile lanetan aritzeagatik. Natilla lehiaketako epaileak, berriz, Mikel Jimenez, Axier Sarasola eta Urko Atxukarro izan dira. Eta, amaitzeko, argazki rallyko epailea, Iosu Martin izan da.

Egunarekin amaitzeko, arratsaldean ere izango dute zertaz gozatu berastegiarrek; batetik, talo jatea egingo dute, Zubietako talogileen eskutik, eta bestetik, natilla dastaketa egingo dute, freskagarri, ardo eta sagardoak lagunduta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!