Gaur, Mama laburmetraia proiektatuko da udaletxeko erabilera anitzeko gelan. Pablo de la Chica zuzendari madrildarraren laburmetraia da, 2022an Goya sariaren garailea. Mama Zawadi di Balanzaren istorioa narratzen du ikus-entzunezkoak. Eraso sexualak jasan zituen berak, eta tratu txar fisikoak jasan dituzten txinpantzeak zaintzen ditu Lwiroko Primateak Birgaitzeko Santutegian.
Aurten ere egitarau oparoa antolatu du Berastegiko Udalak, baina ohi moduan, egitasmoko ekitaldi bereziena azken egunekoa izango dute berastegiarrek: azoka. Hain justu, hogeita zazpigarren edizioa izango dute aurtengoa, eta 11:00etatik aurrera, ganadua eta herriko eta inguruko artisau eta nekazarien produktuak ikusi, dastatu eta erosteko aukera izango da. Lehiaketek ere lekua izango dute aurtengoan. Horien artean izango dira, XXXIV. gazta lehiaketa, XXVII. postu lehiaketa, XXVII. bildots, ardi eta ahari lehiaketa eta XXVII. Argazki Rally lehiaketa eta erakusketa. Berrikuntza moduan, lehen aldiz, natilla lehiaketa ere egingo dute.
LEHIAKETETAN PARTE HARTZEKO
Lehiaketetan parte hartu nahi duten herritarrek azoka egunean 10:00etan aurkeztu beharko dute norbere etxeko ardi-esnearekin egindako gazta. Natilen kasuan, 11:00etan aurkeztu beharko dira azoka lekuan. Egileak nahi dituen osagaiak erabili ahal izango ditu, beti ere 2 litroko esnea erabiliz eta bi ontzitan aurkeztuz; txikia epaileentzat eta handia dastaketarako. Izen-ematea eta ordainketa unean bertan egingo dira.
Animali erakusketari dagokionez, edozein mota eta tamainako animaliak aurkeztu ahal izango dira, eta bildots, ardi eta ahari lehiaketan, berriz, herriko edozein artzainek parte hartu ahal izango dute, baina bakoitzak ardi, ahari eta bildots bana aurkeztu beharko ditu. Hiru sari berezi emango dira. Postu lehiaketan herriko eta herritarren produktuez osatutako postuek bakarrik hartuko dute parte, eta sari bakarra egongo da.
Era berean, Kultur Asteak irauten duen bitartean, argazki rallyko argazkiak ikusgai izango dira udaletxean eta berastegi.eus webgunean. Irabazleak nortzuk diren azoka egunean ere jakinaraziko dira.
EGITARAUA
- Urriak 23, osteguna
- 18:30. ''Mama' film laburra Kellesensa GKE eta Coopera Euskadiren eskutik, udaletxeko erabilera anitzeko gelan.
- Urriak 24, ostirala
- 16:00. Guraso elkarteak txokolatea banatuko du, eskola atarian.
- 16:30. Herri kirolak, betiko jolasak eta egur jolasak Adur-ekin, eskola atarian.
- 18:30. 'Errio' ikus-entzunezkoa eta solasaldia, Ibon Gaztañazpirekin, udaletxeko erabilera anitzeko gelan.
- Urriak 25, larunbata
- 09:00. Ogia egiteko tailerra Lezaetako Ogiaren eskutik, Urepele elkartean.
- 15:00. Mus txapelketa herrikoia, Ategin.
- 18:00. Zorte txarreko otsoak ipuin-kontaketa Maite Francorekin, udaletxeko ganbaran.
- 19:00. Pintxo-potea.
- 00:00. Iruzta erromeri taldea, Urepele elkartean.
- Urriak 26, igandea
- 09:30. Berastegi eta inguruetako txoko kuttunak ezagutuz: Salontzo inguratuz, ikuspegi ezberdin bat.
- 18:30. 'Promesarik txikiena' antzezlana Infinitudrama taldearen eskutik, eskolako gimnasioan.
- Urriak 29, asteazkena
- 18:30. 'Bidea irekitzen, Groenlandian ikus-entzunezkoa eta solasaldia Uxue Loizurekin, udaletxeko erabilera anitzeko gelan.
- Urriak 30, osteguna
-
- 18:30. 'Etxeko konpostaren truke etxeko arrautzak' hitzaldia Natxo Irigoien eta Joseba Sanchez Nafarroako Unibertsitate Publikoko adituekin, udaletxeko erabilera anitzeko gelan.
- Urriak 31, ostirala
- 16:00. Guraso elkarteak merienda emango du, eskolako atarian.
- 16:30. Gau Beltzaren inguruan gehiago ezagutzeko tailerra guraso elkartearekin, eskola atarian.
- 17:00. Sukaldaritza senegaldarra ezagutzeko tailerra Kellesense GKEren eskutik, 12 eta 17 urte bitarteko nerabeentzat, Urepele elkartean.
- 19:15. Ardo dastaketa Ernesto Arrarasen eskutik, udaletxeko erabilera anitzeko gelan.
- Azaroak 1, larunbata
- 10:00. Xake lehiaketa herrikoia, Urepele elkartean.
- 17:00. 'Hazia' antzezlana haurrentzat Didau antzerki faktoriaren eskutik, udaletxeko erabilera anitzeko gelan.
- 19:30. Esanezin musika taldearen emanaldia, udaletxeko ganbaran.
- Azaroak 3, igandea
- 11:00. Berastegiko azokaren irekiera.
- 13:30. XXVII. Postu lehiaketa, XXXIV. Gazta Lehiaketa, I. Natila lehiaketa, XIX. Animali erakusketa eta XXVII. Bildots, ardi eta ahari lehiaketa. Sari banaketak.
- 18:00. Talo jatea Zubietako talogileen eskutik, eta natilla dastaketa, freskagarri, ardo eta sagardoak lagunduta.