Arteaz eta naturaz gozatzeko parada izango da Berastegin

Leyre Carrasco 2025eko irailaren 10a

Gillermo Olmo eskultorea eta Eskuahaldunak elkarteko eta Azken Mugako kidea. LEYRE CARRASCO

Azken Muga jaialdiaren harira, 'Amalurra' erakusketa ikusgai dago Berastegiko udaletxean eta Plazaolan. Eskuahaldunak elkarteko hainbat artistek osatu dute.

Alarma piztu da Eskuahaldunak izeneko Euskal Herriko eskultoreen elkartean. Hala adierazi du Gillermo Olmo eskultore eta Azken Muga jaialdiko kideak: «Artistok nahiko sentsibilizatuta gaude planetarekin eta egiten ari zaion kaltearekin. Horregatik, ahotsa altxatzeko unea iritsi zaigu». Horren adierazle izan da Berastegin hilaren 19a arte ikusgai izango den erakusketaren izenburua: Amalurra.

Guztira, 41 obra biltzen ditu erakusketak. Horietako 25 obra Berastegiko udaletxeko ganbaran daude ikusgai, eta gainontzekoak, berriz, Plazaolako geltoki zaharrean, Berastegi eta Leitza artean. Artista gehienek pieza bakarra aurkeztu duten arren, badira bi pieza aurkeztera animatu direnak. Bakoitza bere estiloan egina, teknika eta material desberdinak erabiliz. Hala ere, Olmoren ustetan denek dute lotura eta konexio bat: «Artea eta natura».

Artista horien artean badira eskualdekoak, besteak beste, Jon Iñaki Ormazabal eta Ramon Balerdi billabonatarrak, Arantza Orbegozo Txitxi tolosarra, Luis Olaso berastegiarra edota Olmo bera. Bizkaitarra da izatez baina urte asko darama Amezketan bizitzen. «Bizkaitarra naizen arren, amezketar sentitzen naiz», nabarmendu du Olmok eta bere lan bat ere ikusi daiteke bilduma honetan: Beranduagoa.

Burdinez egindako arrautza forma duen obra da eta bizitzari egin dio erreferentzia. «Bizitza erabat naturala izan da beti, baina orain oso aseptikoa den mundu batean bizi gara, eta hori islatu nahi izan dut. Zer espero dezakegu bizitza honetatik? Oso bizimodu programatua dugu, natura beti ustekabeagoa izan denean», azaldu du.

MITOLOGIAREN PRESENTZIA

Mitologia eta natura eskutik bat doazela esan du Olmok. «Mitologia naturaren interpretazio sakon eta sinbolikoa da, naturarekin bizikidetza, errespetua eta harreman espiritual bat adierazten baitu». 

Amalurra erakusketan parte hartu duten artista gehienek hori islatu dute, baina horien artean badira nabarmendu beharreko bi artista. Horiek dira, hain zuzen, Hernanin bizi den Séighean Ó Draoi artista irlandarra eta Tolosan bizi den Hector Luna artista ekuadortarra.

«Ez dakit paisaiagatik izango den, baina euskaldunok harreman estua dugu irlandarrekin, bi kulturen arteko sinboloak antzekoak baitira», azaldu du Olmok. Ó Draoik erakusketa honetarako egin duen pieza da horren adibide: Eguzki gurpil. «Mitologiaren sinboloetako asko mundua menderatzen zuten zelten garaitik datoz», gaineratu du.

Lunaren kasuan, bere herrialdearekin lotura duen figura sortu du: Pachamama. «5.000 urte atzera egiten badugu, mitologia eta erlijioak berdinak ziren; jainkosa emakume-figura bat zen, ugalkortasunari muzin egiten ziona, eta garai horretan horri ematen zitzaion garrantzia, hau da, emakumearen irudia beti zen ardatza eta garrantzitsuena. Euskal Herrian Mari dugu, baina beste hainbat kulturetan jainkoa jada pertsonaia maskulinoa da eta hor gizonak emakumearekiko du nagusitasuna, baina lehenago ez zen horrela eta erakusketa honetan oso interesgarria den historiaren zati bat berreskuratzea lortu dugu honekin».

PROGRAMAZIO ZABALA

Berastegiko udaletxeko ganbarako erakusketa hilaren 19ra arte egongo da zabalik; astelehenetik ostegunera 10:00etatik 14:00ak arte, ostiraletan 10:00etatik 14:00ak arte eta 18:30etatik 20:30ak arte, eta igandetan 11:30etik 13:30ak arte. Plazaolan aurkitzen diren obrak hilaren bukaerara arte ikusteko aukera izango da. 

Horrez gainera, Azken Mugaren bueltan beste hainbat ekitaldi izango dira egunotan Plazaolan. Esaterako, igandean, argia, soinua eta eskultura ikuskizuna izango da JaviLO, JaviPE, Javier Delgado eta Javier Perez Faboren eskutik, 17:30etan, Zazpizubiko tunelean, Plazaolako geltoki zaharrean. Ondoren, 18:30etan, Oskar Alegriaren  Zinzindurrunkarratz filma proiektatuko da leku berean. Hilaren 21ean, berriz, Hidden Garden Rock talde tolosarra eta Sol Banda talde palestinarrak joko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!