Berastegiko Udalak, hamabigarrenez, Salontzotako kartel lehiaketa antolatu du. Hala, irabazlea suertatzen den diseinua aurtengo festetako programaren eta kartelaren azala izango da. Hauek dira parte hartzaileek kontuan hartu behar dituztenak: Diseinua librea izango da; azalaren neurria A4 orriaren erdia (A5) izango da eta horizontalki edo bertikalki egin daiteke; eta diseinuan azaldu beharreko testua Berastegiko Salontzoak 2025. Abuztuak 6, 7, 8, 9 eta 10 izango da, letra larriz edo xehez.
Lanak aurkezteko azken eguna igandea izango da. Lana gutun azal batean aurkeztu beharko da eta egilearen datuak beste batean aipatu beharko dira.
Baratza lehiaketa
Urte batzuen ostean, Berastegiko Udalak Baratza lehiaketa berreskuratu du. Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko du udal bulegoan, kultura@berastegi.eus helbidera idatzita edo 943 683 000 zenbakira deituta. Izena emateko azken eguna hilak 30 izango da.
Baratzak baloratzeko, uztaila amaiera batzordekideek eta barazki-teknikari bat ibiliko dira puntuaketa egiten. Parte hartzaileei aldez aurretik jakinaraziko zaie zein egunetan joango diren. Argazkiak aterako dituzte eta udalaren webgunean izango dira ikusgai.
Sari banaketa Salontzotako herri afarian izango da. Lehiaketa egin ahal izateko, gutxienez, bost parte hartzaile beharko dira. Beraz bost parte hartzaile baino gutxiago baldin badaude, bertan behera geratuko da lehiaketa.