'Xerka' argazki erakusketa eta hitzaldia, Berastegin

Ataria 2025eko ekainaren 25a

Euskal landa eremuko LGTBI+ komunitatearen bizi esperientziak biltzen dituen argazki erakusketa ikusgai dago Berastegiko udaletxeko erabilera anitzeko gelan. Igandean, berriz, Joseba Olagarai eta Martxel Larraza egileek hitzaldia eskainiko dute, 18:30etan, leku berean.

Berria egunkariak, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearekin elkarlanean antolatzen duen Komunikazioko gradu amaierako lanen III. Berria saria irabazi zuen iaz Martxel Larraza nafarrak, Xerka izeneko fotokazetaritza lanari esker. Hain justu, LGTBI komunitateak bizi duen erbesteratze prozesu isilari buruzko lana da eta Euskal Herriko landa eremuko bost pertsonen testigantzak eta argazkiak biltzen ditu.

Hortik gutxira, proiektu honetara gehitu zen Joseba Olagarai kazetaria, eta hala sortu dute Xerka hitzaldia eta argazki erakusketa. Herriz herri aritzen dira, euskal landa eremuetan bizi diren LGTBI komunitatearen nortasuna eta bizi esperientziak ezagutzera ematen. Martxoan, esaterako, Ibarrako Benito Izagirre kultur etxean aurkeztu zuten proiektua, eta orain, Berastegin izango dira.

Dagoeneko zabalik da Xerka argazki erakusketa ikusteko aukera, eta ostirala arte izango da horretarako aukera udaletxeko erabilera anitzeko gelan; 10:00etatik 14:0etara edo 18:00etatik 20:00etara. Igandean, berriz, bi egileek hitzaldia eskainiko dute, 18:30etan, leku berean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!