'Promesarik Txikiena' obra ikusgai izango da Berastegin

Ataria 2025eko ekainaren 18a

Infinitudrama konpainiako kideak Berastegin egin zuten egonaldian. ASIER IMAZ

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak bekaren baitan egindako egonaldien ostean osatuko du lana Infinitudramak; urriaren 26an egingo dute aurrestreinaldia Berastegin.

Zer da laguntasuna? Erantzun zehatzik gabeko galdera hau da Infinitudrama konpainiaren antzezlan berriko abiapuntua. Promesarik Txikiena obra prestatu du Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoko bekaren baitan. Horretarako, Berastegi eta Leitza artean egin zuten egonaldia, konfesategi bihurtu zuten furgoneta zuri batean laguntasunaren inguruko buruhausteen gaineko jolas laburrak eginez.

Road Konfesategia bezala izendatu zuten furgoneta, eta laguntasunaz hitz egiteko eta hausnartzeko «txoko goxo» eta «herriz herrikoa» dela adierazi du Maite Aizpuru zuzendariak. «Laguntasuna da gai bat leku guztietan dagoena, baina ez du leku propio bat. Agian beste harreman mota batzuk badituzte haien pelikulak, kantak edota leku legalak, baina laguntasunak ez. Laguntasunaren inguruko esperientziak baditugu, baina oso aukera gutxi izaten ditugu horren inguruan modu zabal batean aritzeko».

Hala, furgoneta bat konfesategi bihurtu eta laguntasunaren inguruan aritzeko leku bilakatu zuten. Horretarako, herritarron parte hartzea ezinbestekoa izan dute. Izan ere, laguntasunaren gaineko kexa eta iradokizunak jasotzen aritu ziren Berastegin eta Leitzan egindako egonaldietan, ondoren, antzezlanaren bitartez, horiekin «erritual herrikoi bat» egiteko. Herritar askok «laguntasunak eskatzen duen konpromisoaren» inguruan hitz egin zutela aipatu du zuzendariak, «eta askok lagunek ez dutela konpromisorik zor esaten zuten arren, gero ohartu ginen hitz egin gabeko konpromiso asko daudela lagunartean eta horrek asko baldintzatu ditu lagun harremanak eta min asko pilatu da».

Antzezlanaren izenburua –Promesarik Txikiena– ere hortik datorrela gaineratu du: «Laguntasuna promesezko putzu handi bat bezala ikusten genuen eta helduak egiten goazen heinean putzu hori handitzen joaten da, horregatik, jendeari egin diogun galderetako bat hori izan da, zein da eskatu ahal zaion gauzarik txikiena lagun bati?».

BI EGONALDI 

Hain justu, maiatzaren 14an eta 15ean Berastegin, eta maiatzaren 16an Leitzan egin zituzten egonaldiak. Konfesategiarekin bueltaka aritu ziren bi herritan zehar. Konfesategiaren kanpoaldean erruleta moduko bat jarri zuten eta laguntasunaren inguruko galderak edo proba txikiak egin zituzten gerturatu zirenekin. Behin kanpoko jolas horiekin amaituta, konfesategian bertan sartzen ziren, eta jolas batzuen bitartez, laguntasunaren inguruan aritu ziren.

Belaunaldi ezberdinetako herritarrak gerturatu ziren konfesategira, banaka, binaka edo taldean. Baina zuzendariaren esanetan «helburua ez da definizio soil bat sortzea izan, esperimentu bat izan da eta oso hunkigarria gainera, laguntasunaren inguruan hitz egiteko espazio oso gutxi daudela ikusi dugulako eta herritarrak horren beharra dutela ohartu gara». Laguntasuna oso baztertuta geratzen den gaia izan arren, bizitzako etapa askotan oso presente dagoen gai bat dela esan du. «Konfesategian izan zirenak guztiz ireki ziren eta guk jolasetik planteatu genuen arren, gizarteak gai serioa bezala duela ikusi dugu, eta esperientzia honek gure mundutik atera gaituela esan dezakegu, guk sortze prozesuan zehar jakintzat eman ditugun gaiak horiek norabideez aldatu behar genuela ikusi dugulako eta fokua beste leku batean jarri behar genuen».

HIRU URTEKO LANA

Sorkuntza prozesua duela hiru urte abiatu zuen Aizpuruak. Antzezlan eta lantalde txiki bat osatu zuten hasieran, baina horri forma emate aldera, aretoko antzezlana sortzeko pausoa eman dute orain, eta lantalde zabal baten laguntzarekin horretan ari dira. Urriaren 26an egingo dute Promesarik Txikiena antzezlanaren aurrestreinaldia Berastegin, eta urtarrilean, berriz, Leitzan izango da ikusgai. Aizpuruarekin batera izango dira oholtza gainean Intza Alkain, Maiana Etxeberri Keufterian eta Ane Gartzia aktoreak, eta Matxalen de Pedro Larreak gidatuko du obra.

Azken bost urteetan, proiektu propioetan eta antzerkigintza garaikideko konpaniekin lanean jardun ostean, laguntasunaren gaia ikertuko zuen lan talde potolo bat sortzeko desira artistiko eta politikoari erantzuten dio sormen prozesu honek. «Elkarren lanen gaineko erakarpena izatea, artegintza garaikidean eta diziplinak nahastuz jarduteak, euskaratik aritzeak eta 30 urteen bueltan egoteak ere elkartzen gaitu. Gaurkotasunari begiratzeko modu ez hain original eta konkretu baten kontzientziatik, ia ia, lagun taldeetan gertatzen den bezala, elkarren arteko klonak ere izan gaitezkeela onartzetik ekin diogu lanari. Laguntasuna komunitateak harilkatzeko alkimia dela uste dugulako, eraikia den eta nahieran eraiki ezin dugun sakoneko ehun sozial hori agian», dio zuzendariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!