Elduan dagoen Ahlstrom-Munksjo Paper enpresako langileek 8 eguneko greba zikloa hasi dute gaur. Beste greba egunak maiatzaren 31n eta ekainaren 3, 8, 11, 14, 21 eta 24an egingo dituzte.
Papergintzan aritzen den enpresa da Munksjo eta ez dute jarduna eteten, ia urteko egun guztietan egiten dutelarik lan non stop sistema jarraituz. LAB sindikatuak esan du 2022an hasi zirela non stop sistemari dagokion akordioa berritzeari buruz hitz egiten, baina enpresaren egoera ez zenez ona, negoziaketa bertan behera uzteko eskatu zuela; «negoziaketa bertan behera uztea erabaki zen eta 2022 eta 2023 urteak horrelaxe joan ziren». 2024an jarraitu zuten negoziaketarekin, baina enpresaren egoerak txarra izaten jarraitzen zuenez, berriz ere atzeratzea erabaki zuten. «2024ko irailetik gaur arte negoziaketetan egon dira, baina azken hilabetean negoziaketa blokeaturik dago».
Sindikatuak esan du langile batzordeak azken proposamen bat egin ziola enpresari, batzordeak berak zuen proposamena «murriztuz». «Enpresak proposamen berri bat ekarri zuen eta langile batzordearentzat nahikoa ez bazen ere, proposamen hori batzarrera eramatea erabaki zuen. Ez zen onartu, hala ere, eta 8 egunetan greba egitea adostu zuten».
Langile batzordeak proposatu duena da non stop akordioa 2022 eta 2023 papergintzako hitzarmenaren arabera eguneratzea, atzerapenak eskatu gabe, eta 2024 eta 2025 papergintzako hitzarmenari jarraituta +0,2ko igoera aplikatzea eta atzerapenak jasotzea. «Langileen batzordea irekita dago mahaian eseri eta akordioetara iristeko, enpresaren deiaren zain daude eta iristen ez den bitartean aurrera jarraituko dute greba egunekin eta elkarretaratzeekin».