Horretarako, konfesategi bihurtu dute furgoneta zuri bat, laguntasunaren inguruko buruhausteen gaineko jolas laburrak egiteko aukera eskainiz. Konfesategiko jolasek 10 minutuko iraupena izango dute, eta parte hartzaileek modu anonimoan egingo dituzte ekarpenak. Antolatzaileen esanetan «ferietako barraka, irratia eta igarleen kontsultorioaren elementuak nahasten ditu konfesategi honek».
Bertara bakarka edo lagunekin joan daiteke, gehienez ere lau laguneko taldean. Txanda hartzeko aukera egongo da eta, banan-banan parte hartzaile bakoitzari deitzen joango dira. Konfesategian, aurrez hitzartutako elkarrizketak egotea ere gerta daitezke, «luzeagoak, sormen proiekturako interesekoak direnak eta aurretik hitzartuak». Euskaraz izatea lehenetsiko dute, baina beste hizkuntzetako hiztunak nola parte hartu ikusiko dute. Adinari dagokionez, prestatu dituzten jolasak 10 urtetik gorakoentzat izango direla jakinarazi dute.
Konfesategia gaur eta bihar Berastegin izango da; gaur, 10:00etan, Ondarroako arrantzalearen ondoan eta 17:00etatik aurrera, Gazteleku ondoan; bihar, bazkalondoren, San Isidro eguneko trikitilariekin batera izango da.
Konfesategian parte hartzen duten guztiek merienda baten zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Ekainean eta urrian ere konpaniako kideak Berastegira itzuliko dira, eta irabazleekin «lagun ezkutuen merienda» ospatuko dute mugaldeko leku esanguratsu edo ostaturen batean.
KONPAINIA BERRIA
Infinitudrama konpainia pasa den urteko abenduan sortu zen, Maite Aizpuruaren gidaritzapean eta eskarmentu ezberdinetako sortzaileez osatuta. Talde honek «harreman sareak indartu eta bide propioak jorratuz sorkuntza eta kulturarako lagunarte ireki, justu eta zirikatzaileak sortzea» izango ditu ardatz.