Euripean larreratu dituzte abereak Gorosmendin

Leyre Carrasco 2025eko apirilaren 27a

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Berastegiko Udalak elkarlanean, Gipuzkoako larreen irekiera ofiziala ospatu dute goizean Gorosmendin.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Berastegiko Udalarekin lankidetzan 2025eko larreen irekiera ofiziala egin du goizean Berastegiko Gorosmendi gainean. Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak eta Andoni Zuriarrain Berastegiko alkateak eman diote hasiera ekitaldiari eta ondoren, bertsolarien saioa, manifestu bateratuaren irakurketa, abereen igoera eta familia argazkia egin dituzte.

Ekitaldi hasieran, Arrutik gogorarazi du aurtengoa ez dela edozelako irekiera, «Gipuzkoaren 1.000. urteurrenaren testuinguruan kokatzen baita», eta mendeetan zehar abeltzainek lurraldearen garapenean izan duten ekarpena aitortu du. Halaber, abereen igoeraren bidez «ingurumenaren zaintza, animalien ongizatea eta elikagaien kalitatea» bezalako funtsezko alderdiak bermatzen direla azpimarratu ditu.

Honela, 10.000 hektarea baino gehiago osatzen duten Gipuzkoako mendietako larreetara hasiko dira hurrengo egunetan igotzen 544 abeltzainen 41.000 abere inguru; zehazki, 34.001 ardi, 3.613 behor, 3.269 behi eta 538 ahuntz.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ekitaldi honen bidez abeltzaintza estentsiboaren balioa eta funtzio estrategikoa narbarmendu nahi izan ditu: «Bioaniztasuna zaintzen laguntzen du, sute arriskua gutxitzen du, karbonoa xurgatzeko gaitasuna indartzen du eta tokiko ekonomiari eusten dio, besteak beste». Horrez gain, abeltzainen lana eta konpromisoa funtsezkoa dira Gipuzkoako paisaia, kultura eta nortasuna ulertzeko.

Ekitaldia amaitzeko, familia argazkia atera eta hamaiketakoa egin dute bertaratu diren herritarrekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!