Guztia prest Gipuzkoako larreen irekiera ekitaldirako

Ataria 2025eko apirilaren 25a

Gorosmendiko larre irekiera 2022an.

Gipuzkoako larreen irekiera ofiziala ospatuko dute igandean, Gorosmendin. Aurten lurraldeko 32 menditan zehar banatutako 10.455 hektarea inguru osatzen duten larreetara igoko dituzte 544 abeltzainek beren abereak; 34.000 ardi, 3.200 behi, 3.600 behor eta 500 ahuntz baino gehiago igoko dira larreetara datozen hilabeteetan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Berastegiko Udalarekin lankidetzan 2025eko larreen irekiera ofiziala egingo du Berastegiko Gorosmendi gainean, apirilaren 27an, igandean, 11:30etik aurrera. Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak eta Andoni Zuriarrain Berastegiko alkateak emango diote hasiera ekitaldiari eta ondoren, bertsolarien saioa, manifestu bateratuaren irakurketa, abereen igoera eta familia argazkia egingo dituzte.

Aurten hortaz, Berastegiko Gorosmendin irudikatuko dute lurraldeko larreen irekiera eta abeltzaintza estentsiboaren onurak balioan jarriko dituztela esan du Gipuzkoako Foru Aldundiak, ohar bidez. «Gipuzkoak aurten 1.000 urte betetzen dituen honetan aitortza berezia egin nahi zaie mendeetan zehar lurraldearen garapenean ezinbesteko rola izan dute baserritarrei eta abeltzainei; haien lanari esker ulertzen da gaur egun nolakoa den Gipuzkoako paisaia, kultura eta nortasuna. Horrela, Foru Aldundiak eta abeltzainek elkarrekin adierazi nahi dute abeltzaintza jarduera estrategikoa dela lurraldearen etorkizunerako», gaineratu du.

Ekitaldia herritar guztiei irekita dagoela esan dute eta bertaratu nahi duten herritarrei autoak seinaleztatutako aparkalekuan uzteko eskatu diete. Aparkalekutik 300 bat metrotara dago Gorosmendi. Irisgarritasun arazoak dituztenek harremanetan jar daitezke antolakuntzarekin gurelurra1@gmail.com helbidera idatzita. Oinetako egokiak eramatea eskatu dute eta ekitaldia amaitu arte ezin izango dela berriz jaitsi jakinarazi dute, abereen igoera dela eta, bidea libre mantendu behar delako.

Larreak, funtsezko elementu ekologiko eta sozialak
Gipuzkoako mendialdeko larreak «funtsezko elementu ekologiko eta sozialak» direla esan du foru aldundiak eta udaberriarekin batera, mendiko abeltzaintza estentsiboaren ziklo berria abiatzen dutela gogoratu du. 2025ean Gipuzkoako 32 menditan zehar banatutako 10.455 hektarea inguru osatzen duten larreetara igoko dituzte 544 abeltzainek beren abereak; 34.000 ardi, 3.200 behi, 3.600 behor eta 500 ahuntz baino gehiago igoko dira larreetara datozen hilabeteetan. «Abeltzaintza estentsibo honek hainbat onura dakarzkio lurraldeari: abereen ongizatea bermatzen du, elikagaien kalitatea handitzen du, larre habitatak zaintzen ditu, CO₂a xurgatzeko gaitasuna indartzen du eta sute arriskua murrizten du. Gainera, tokiko ekonomia biziberritzen laguntzen du eta paisaia kulturala mantentzen».

Abaltzisketan maiatzaren 1ean

Abaltzisketako Larraitzen maiatzaren 1ean egingo dute Aralarko larreen irekiera festa. Enirio Aralar Mankomunitateak antolatuta, goizetik hasita hainbat motatako jarduerak egingo dituzte. Giroa berotzen joateko, 10:00etan, artisau eta salmenta postuak irekiko dituzte, 11:00etan Abarlotz Olanoren kantaldia egongo da eta 12:00etan botako dute larre irekiera iragartzeko suziria. Ondoren, 12:30ean, herri kirolak eta bertsolariak egongo dira; aizkoran Jokin Urretabizkaia Basozabal eta Joxean Etxeberria, harri jasotzen Ainitze Zumeta eta bertsotan Maialen Akizu eta Bixente Gorostidi.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!