Artzaintza izan da gaurko protagonista Berastegin

Leyre Carrasco 2025eko martxoaren 30a

Giro ederrean agurtu dute BE! Artzain kultur asteburua Berastegin. Hirugarrenez ospatu dute aurtengoa, eta ohi moduan, igandeko legez, artzain kultura ezagutzeko ibilbidea eta azoka gastronomikoa egin dituzte, besteak beste.

Eguraldia alde izan dute gaurko egunean berastegiarrek, eta modu berean ospatu dute BE! Artzain kultur asteburuko azken eguna. Urtero artzaintzarekin lotutako elementu bat aukeratzen dute erdigunean jartzeko, eta artilea izan da aurtengoa. Hala, goizean goizetik ekintza ugari egiteko aukera izan dira herrigunean zehar.

Esaterako, Gazpio gaztandegira bisita gidatuak egin dituzte batetik. Bestetik, ohi moduan, artzain kultura ibilbidea ere izan dute aukeran eta herriko hamar gune ezberdinetan artzaintzarekin lotutako ekintzak izan dira. Tartean, artilea lantzeko prozesuaren erakustaldi bat egin dute, Kristina Merakik eta Nagore Intxaustik gidatuta; eta artile moztaileen erakustaldi bat ere egin dute, Joseba Attard euskal ardi moztaileen elkarteko lehendakariaren eskutik. Horrez gainera, erakusketa, tailerrak, ardien guneak, asto itzuliak, photocall-a, gazta dastaketa azkarra eta artzain txakurren erakustaldia ikusteko aukera ere izan da.

Ibilbidea amaitzen zuten herritarrek, berriz, tripa betetzeko paradatxoa egin dute pilotalekuan, bertan baitzegoen azoka gastronomikoa. Eguna erromeriarekin amaitu dute.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!