Artilearekin ontzi bat egiten ikasi dute

Ataria 2025eko martxoaren 29a

Kristina Meraki artistak artilearekin ontzi bat egiten ikasteko tailerra eman du. Berak eginiko lanen erakusketa ere ikusgai dago Berastegiko udaletxean.

Berastegiko ikurretako bat da artzaintza, eta horren bueltan hamaika ekitaldi antolatu dituzte egunotarako, Be! Artzain kultura asteburua izenburupean. Artzaintza ezagutzera ematea da ekimenaren helburua, eta aurtengoan, artilean jarri dute azpimarra. Hala, artilearekin lotutako hainbat jarduera izango dira, gaur arratsaldean izan diren tailerrak, kasu.

Hain justu, artilearekin ontziak egiten ikasteko bi tailer egin dituzte, eta bakoitzean dozena bat pertsonak hartu dute parte. Tailerra Berastegin bizi den Kristina Meraki artistak gidatu du, eta gaztetxoei eta helduei irakatsi die artilearekin eta elementu batzuen laguntzarekin nola sortu ontzi bat. Parte hartzaileek arretaz jarraitu dituzte artistaren azalpenak, eta pausoz pauso berak esandakoa egiten saiatu dira ondoren. 

Artilearekin lotuta, Merakik berak eginiko lanekin osatutako Pentsamendu hariak erakusketa ikusgai dago Berastegiko udaletxeko ganbaran, eta bihar arte izango da ikusteko aukera. Eta, bihar, artista berak artilea lantzeko prozesuaren erakustaldi bat ere egingo du. Era berean, artile moztaileen erakustaldi bat ere egingo dute. Horiez gain, beste hainbat ekitaldi ere hartuko ditu bihar Berastegik.

 

  • Martxoak 30, igandea
    • 11:00 / 12:30. Gazpio gaztandegira bisitak.
    • 10:00-14:00. Artzain kultura ibilbidea. 2.5 kilometro eta 10 gune: ardien gunea, meta zuzenean, asto itzuliak, erakusketak, artzain txakurren erakustaldia, ardi jeztea, ardi ile moztea, photocalla, gazta dastaketa azkarrak, tailerrak, ARTEile erakusketa...
    • 12:30-15:30. Azoka gastronomikoa.
    • 13:30-15:00. Erromeria.

 

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!