Berastegin prest dute guztia BE! Artzain kultura astebururako. Ostiraletik igandera, martxoaren 28tik 30era, egingo dute aurten eta denetariko jarduerak antolatu dituzte artzaintza eta harekin lotura duten arloak jorratzeko.
Urtero artzaintzarekin lotutako elementu bat aukeratzen dute erdigunean jartzeko, eta artilea izango da aurten. Hori horrela, Garbiñe Ezkerra antolakuntzako kideak azaldu du egunero artilearekin lotutako jarduera bat izango dutela, gutxienez. Hain zuzen, ostiraletik igandera ikusgai egongo da Pentsamendu hariak erakusketa, zeina Berastegin bizi den Kristina Meraki artistak ondu duen.
Artilea abiapuntu
Hari berari tiraka, larunbatean izango dute artilearekin ontziak egiten ikasteko tailerra —Merakiren eskutik— eta, igandean, artilea lantzeko prozesuaren erakustaldi bat egingo dute, non fase guztiak erakutsiko dituzten, Merakik eta Nagore Intxaustik gidatuta.
Hori gutxi ez, eta artile moztaileen erakustaldi bat ere egingo dute, non parte hartuko duen, besteak beste, Joseba Attard euskal ardi moztaileen elkarteko lehendakariak. Igandean izango da, baita ere, Artzain kultura ibilbidea eta Ezkerrak aitortu du eguraldiak baldintzatu egingo duela: «Jarduera gehienak berdin-berdin mantenduko ditugu, baina posible da baten bat moldatu beharra, euri asko eginez gero».
Aurrez, izena eman behar
Hainbat jardueretan parte hartzeko aurretik izena eman beharko da, besteak beste, astoekin itzuliak egiteko, gazta-dastaketarako eta Gazpio gaztandegiko bisitetarako. Interesa dutenek izena eman beharko dute mezu bat bidaliz beartzainkultura@gmail.com helbidera edo 600 567 730 telefonora deituta.
BE! asteburua
- Ostirala, martxoaren 28a
- 14:30. Aurkezpena, Andoni Zuriarrain alkatearen eskutik.
- 14:40. Kafea eta ‘Pentsamendu-hariak’ erakusketaren inaugurazioa, Kristina Meraki Berastegiko artistarekin.
- 15:00. Solasaldia: Izan zirelako gara, garelako izango al dira? Iraitz Garaiburu eta Oier Ugartemendia artzain gazteek erantzungo dituzte Josu Ozaitaren galderak.
- 15:20. Aurkezpena: Ardi ilea, hondakina ala baliabidea? Joseba Sanchezen eskutik.
- 15:40. Gazteak, artzaintzaren oraina eta etorkizuna; Ane Gartziandia Gomiztegi artzain eskolako kidearekin.
- 16:00. Aritz Ganboa artzainarekin elkarrizketa: Zein dira etorkizuneko gakoak? Eneko Maiozek gidatuta.
- 17:30. Luntx irekia parte hartzaile guztientzat.
- Larunbata, martxoaren 29a
- 09:30. Mondeju ikastaroa Urepele elkartean.
- 10:00. Astoekin Gorosmendiko larreetara ibilaldia ardiak eramanez, Astotrek-ekin.
- 15:30 / 16:30 / 17:30. Artilearekin ontziak egiteko tailerra Kristina Merakiren eskutik (3 txanda, 12 lagun aldiko).
- 17:00. Ipuin kontaketa 2 eta 8 urte artekoentzat, Gaztelekukoen eskutik.
- 18:00. Gazta dastaketa gidatua, Ordiziako gazta kofradiaren eskutik.
- Igandea, martxoaren 30a
- 11:00 / 12:30. Gazpio gaztandegira bisitak.
- 10:00-14:00. Artzain kultura ibilbidea. 2.5 kilometro eta 10 gune: ardien gunea, meta zuzenean, asto itzuliak, erakusketak, artzain txakurren erakustaldia, ardi jeztea, ardi ile moztea, photocall, gazta dastaketa azkarrak, tailerrak, ARTEile erakusketa...
- 12:30-15:30. Azoka gastronomikoa.
- 13:30-15:00. Erromeria.