Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua, Azahara Dominguez, Andoni Zuriarrain Berastegiko alkatearekin bildu da, udalekin egiten ari den bilera-sortaren barruan. Herriko garraio publikoaren zerbitzuaren egoerari buruz hitz egin dute eta Zuriarrainek Berastegiko garraio publikoa hobetzeko nahia azaldu dio, bai Tolosa aldera eta baita Donostia, Leitza eta Iruñea aldera ere.
Bi erakundeek, Lurraldebusen bidez, Berastegi eta Tolosaldeko udalerrien arteko joan-etorria nola hobetu aztertu dute. Zehazki, diputazioak Berastegi eta Tolosa 07:15ean lotzen duen autobus zerbitzuaren erabiltzaileei buruzko datuak aztertuko ditu, zerbitzua indartu ote daitekeen ikusteko, gazte askok erabiltzen baitute Tolosako institutura joateko. Gainera, aurten lantzen hasiko diren Tolosaldeko emakida berriari begira, ordutegiak zabaltzea aurreikusten ari direla esan du Dominguezek, «ikasleek eta langileek beren betebeharretara garraio publikoan irits daitezen ibilgailu pribatuaren mende egon gabe». Nafarroarekiko loturari dagokionez, diputatuak esan du gaia Nafarroako Gobernuarekin landu duela udalaren eskaerak datorren urtean egingo den zerbitzuaren lizitazioan sar ditzaten.
Andoni Zuriarrain Berastegiko alkateak esan du Berastegin eta Tolosaldean garraio publikoa indartzeko beharrak antzemanak dituztela eta garraio publikoaren aldeko apustua egiteko zerbitzua zabaldu eta egokitu beharra dagoela. «Gure kokapena dela eta, beste maila bateko arazoak ere baditugu garraio aldetik, Nafarroarekin muga egiten du gure herriak, zehazki Leitzarekin, eta ez dugu garraio publikoko komunikaziorik. Bi herrien arteko lotura indartzeko ezinbestekoa litzateke garraio publiko egoki baten aldeko apustua egitea eta horretarako erkidego ezberdinen arteko lankidetza eskatzen dugu, eskualdean behar berdina Araitz bailara Gipuzkoarekin lotzeko daukagu. Iruñea eta Donostia lotzen duen garraio zerbitzuaren eskaintza ere hobetzeko lanean ari gara dagoeneko».
«Oso kontziente gara garraio publikoak duen garrantziaz, udalerri txikietako bizilagunek beren bizitzako alderdi desberdinak garatu ahal izan ditzaten, hiriekin edo eskualdeko herri nagusiekin alderatuta aukera-berdintasunean. Horregatik, funtsezkoa da udalerri horien errealitatea ezagutzera hurbiltzea eta bertako alkateekin batera lan egitea, guztion artean herritarren benetako beharretara egokitzen den zerbitzua eskaintzeko. Horrela, pertsona guztien mugikortasun jasangarrirako eskubidea bermatzeaz gain, ibilgailu pribatu bat erostera behartuta ez egotea bermatzen dugu, familia askok ez baitute horretarako aukerarik; horrez gain, landa-guneetako biztanleriari eusten laguntzen dugu, hori funtsezkoa da eta garraio publikoak protagonismo handia du horretan», adierazi du, bere aldetik, diputatuak.
Lankidetza turismoaren arloan
Turismoari lotutako gaiak ere izan dituzte hizpide. Berastegiko Udalak urteak daramatza naturari eta lehen sektoreari lotutako gaiak lantzen, Berastegi Herri Kuttuna markaren babespean eta Be Asteburua ekimenaren bitartez, artzain-kulturari balioa ematen diote, baita arkumea edo gazta bezalako produktuei.«Gazta eta artzain kultura oinarri hartuta, Berastegin parte-hartze prozesu bitartez landu duten turismo proposamena berritzailea bezain egokia dela ikusten dugu», adierazi du alkateak.
Zentzu horretan, diputatuak gogorarazi du Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren apustu estrategikoak turismo-eredu berri bat ezartzea eskatzen duela, jasangarria izateaz gain birsortzailea ere izango dena, eta horrek esan nahi duela «turismo-jarduerak eragin positiboa izatea gure lurraldean eta gure herritarrengan». Be Asteburua proposamena «ezin hobeto egokitzen da turismo eredura eta Gipuzkoara erakarri nahi dugun bisitari motara», esan du Dominguezek. Prest agertu da ekimen horretan laguntzeko.