Eskualdeko mendi lasterketei hasiera ematen dion Negu Trail proba igande honetan egingo da, 10:00etan hasita, Berastegin. «Dagoeneko Negu Trailen zortzigarren aldia izango da igandekoa, eta arrakasta duen proba bat dela esan daiteke», esan du antolakuntza taldeko Mikel Matxineak. «Urtero jendea etorri zaigu, eta ondo atera dira orain arteko lasterketak, beraz, gure aldetik gustura gaude orain arte izan dugun arrakasta horrekin eta berdin segitzeko asmoz gaude».
Izen ematea zabaldu eta gutxira dortsal guztiak amaitu ziren. 300 korrikalarik parte hartuko dute. «Aurten ere segituan bukatu ziren dortsalak, eta gaur egun dagoen mendi lasterketen boom hori ere guk nabaritzen dugu, eta gure aldetik oso gustura gaude», esan du Matxineak. 16 kilometroko ibilbidea egingo dute parte hartzaileek, mila metroko desnibel positiboa gaindituz.
Bere izenak dioen moduan, neguan egiten da proba, otsaileko lehen igandean, eta batzuetan elurrarekin egin da eta beste batzuetan giro beroarekin. «Denetik tokatu zaigu, egia esan. Antolatzen hasi ginen urtean, zerbait berezia-edo izateko, data honetan egitea pentsatu genuen, eta Negu Trail izena horregatik du ere», zehaztu du antolakuntzako kideak. «Lehen bi urteetan elurretan egin zen lasterketa osoa eta oso polita izan zen, berezia. Gerora tokatu da euritan izatea, baita hego haize eta beroarekin izatea ere. Aurtengoan, ikusteke dago. Euri dezente egingo duela emanda dago aste honetan, eta ikusiko dugu nola dagoen bidea». Mendi lasterketa izanik, «egokitzen diren baldintzetan» egin behar izaten dela gaineratu du Matxineak: «Mendiak hori du, lehorra tokatzen denean lehorra, eta euria egiten duenean guztiz ezberdin dago bidea, eta hori denean antzematen da, bai korrika egiteko garaian, eta baita egiten diren denboratan ere».
Urtero aurreneko postuetan ibili izan diren korrikalariak Gipuzkoan zein Euskal Herrian mendi lasterketak irabazten dituztenak izan dira. «Gu gustura gaude etortzen den jendearekin, maila ematen diolako Negu Trail probari. Aurten faborito argirik izendatzea zaila da, baina ikusi dugu, Tolosaldeko eta Gipuzkoa mailan puntan dabilen jendea etorriko dela aurten ere, bai mutil zein nesketan. Beraz, antolakuntzatik oso gustura gaude alde horretatik», zehaztu du Matxineak.
Ez dute berritasunik aurtengo probarako. Azken urteotako lasterketen antzeko da. «Mendian zuhaitzak botatzen egon diren eremu batean zertxobait aldatu da bidea, baina oso gutxi. Ingurunea bera aldatu da zerbait, baina ibilbidea bera da», azaldu du. Berastegi inguruko mendietatik egiten dute korrika parte hartzaileek. «Herriko plazan izaten da hasiera eta helmuga, eta giro polita izaten da; azken finean festa horrek herria apaintzen du», gaineratu du Matxineak. «Hasieran Elduain aldera joaten dira korrikalariak, eta horko mendietan sartzen dira, eta ondoren Urdelar, Larre, San Lorentzo eta Ipuliño pasa eta gero, berriz ere herrira itzultzen dira. Ibilbide polita da, Berastegiko mendietatik buelta polit bat eginez».
Herriarentzako hitzordu berezi bilakatu da Negu Trail mendi lasterketa, eta horrela nabarmendu du antolakuntzako kideak: «Lehenengo urtetik herritarrek eman duten erantzuna izugarria izan da. Urtero ehundik gora boluntario izaten dira lasterketa antolatzeko, eta hori ezinbestekoa da, bai lasterkarientzako zein antolakuntzarako. Hori gauza handia da; zortzi urte daramatzagu jende pila bat elkartzen, eta dena ondo atera da orain arte eta oso gustura gaude alde horretatik».