Berastegik 1,7 milioi euroko aurrekontua izango du aurten

Ataria 2025ko urt. 21a, 07:59

Iaz baino 200.000 euro gehiago izango ditu Berastegiko Udalak; 1.100 biztanletik beherako herria delako lortu dute gehigarri hori eta arlo guztiak indartzeko erabiliko dute.

Berastegiko Udalak 1.691.576,39 euroko aurrekontua izango du aurten, iazkoa baino 200.000 euro gehiago. EH Bildu taldeko zazpi zinegotzien aldeko botoekin eman zioten behin behineko onarpena aurrekontuari azaroaren 28an. Sarreretan izandako igoera nabarmendu du Andoni Zuriarrain alkateak, eta esan du 1.100 biztanletik beherako herria delako lortu dutela gehigarri hori. Honela, partida guztiak indartu dituzte.

Diru horrekin, besteak beste, larre komunalaren proiektua garatzen jarraitu nahi dute, eta 30.000 euro jarriko dituztela zehaztu du alkateak. «Urtero larre komunaletako eremua lantzen eta zabaltzen saiatzen gara eta aurten ere hori egingo dugu, izan ere, etengabe jarraitu beharra dago».

Baserri bideak konpontzeko 40.000 euroko partida ere jarriko dute, eta herriko zenbait eremutan hobekuntza lanak ere egingo dituzte, tartean, errepidetik kanposantu sarrera bitartean dagoen eremuko lurra berrituko dute. Auzoetako argiztapenarekin ere jarraituko dute. Aurten, Izotzalde auzoaren inguruan dagoen gunea argiztatuko dute, besteak beste, eremu horretan argiteria gehitzeko eskaera ugari jaso baitituzte.

Beste partida bat Zubizabaleta eraikineko beheko solairuan eraldatze-zentro, sukalde eta jangela bat eraikitzeko bideratuko dute. Aurten egingo dutena «espazioaren moldaketa eta prestakuntza» hori izango dela zehaztu du alkateak, eta datozen urteetan eraikina ekipatuko dute.

Berdintasun partida ere indartuko dutela esan du alkateak. «Berdintasun partida orokortuta genuen eta aparteko partida sortu dugu arloari ekonomikoki bultzada bat eman eta Askamare Talde Feministarekin elkarlanean berdintasunean pausoak ematen jarraitzeko asmoz», azaldu du.

Horrez gain, tokiko garapenaren prozesuarekin jarraituko dute. Lantzen ari diren ildoetan sakonduko dute, besteak beste, ondarearena, artzaintzarena, bertako produktuen ingurukoa eta bisitarien harreraren lanketa. Eta azkenik, herrian garrantzitsuak diren kultur eta kirol ekitaldiekin aurrera egingo dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!