Azoka egin dute goizean Berastegin. Hain justu, hogeita seigarren edizioa ospatu dute eta, ohi moduan, goizean zehar herriko eta inguruko artisau eta nekazarien produktuak ikusi, dastatu eta erosteko aukera izan da. Herriko abereek ere izan dute euren txokoa, eta herritar ugari gerturatu dira hauek ikustera.
Sariak banatuta
Azoka egunean lehiaketa ugari izaten dituzte, eta aurten ere berastegiarren arteko lehiak ez du hutsik egin. Batetik, herriko gaztagileak saritzen dituzten XXXIII. gazta lehiaketa izan da jokoan. Epaimahai batek goizean zehar parte hartu duten gazta desberdinak dastatu ditu, eta aurtengo gazta onena Hipoli Lasarterena izan da, 113 punturekin. Bigarren gaztarik onenaren saria Jabier Saralegik eraman du, 104 punturekin; hirugarren saria Iker Ugartemendiak, 103 punturekin; laugarrena Iraitz Garaiburuk, 102,5 punturekin; eta bosgarrena, berriz, Lukas Etxeberriak, 102 punturekin.
Bestetik, V. sagar tarta lehiaketa sariak ere banatu dituzte, eta aurtengo irabazlea Aitziber Astigarragarena izan da. Bigarren saria Oihana Elolak jaso du, eta azken saria, berriz, Eneritz Lasarterentzat izan da.
XXVI. bildots, ardi eta ahari lehiaketa ere izan da, goizean zehar animalien erakusketara eramaten dituztenen artean. Ahari onenaren saria Miguel Agirrezabalak jaso du, ardi onenaren saria Luis Angel Zubirik, eta bildots onenaren saria Iker Olanok. Aurtengo azokako postu onenaren saria Inma Artolak eraman du.
Ohi moduan, argazki rallyak ere sarituak izan ditu, eta aurtengo irabazlea Goretti Salaberria izan da. Bigarren saria Eneritz Lasartek jaso du, eta hirugarren saria, berriz, Aitziber Zabaletak.
Arratsaldeko ekintzak
Azokako postuak eguerdian itxi badituzte ere, arratsaldean ere izango da zertaz gozatu Berastegin. 18:00etatik aurrera, talo jatea eta gazta eta sagar tarta dastaketa egingo dituzte, freskagarriz, ardoz eta sagardoz lagunduta. Tartean, gainera, erromeria izango da.