Ostegunean abiatuko da Berastegiko Kultur Astea

Ataria 2024ko urr. 22a, 17:00

Ostegunetik hasita azaroaren 3a bitarte egitarau zabala prestatu du Berastegiko Udalak; azken egunean azoka berezia egingo dute, eta tartean lehiaketak izango dituzte.

Ostegunean abiatuko dute Kultur Astea berastegiarrek, eta azaroaren 3a bitarte izango dute zertaz gozatu. Esaterako, Kharut II. lehenengo igoera baten istorioa izeneko ikus-entzunezkoa proiektatuko dute bihar, 18:30etan, udaletxeko erabilera anitzeko gelan. Ondoren, solasaldia izango da Koldo Zubimendi eta Vicente Barcena protagonisten eskutik.

Gainerakoan, aurten ere egitarau oparoa antolatzen saiatu da udala, eta eskaintza adin tarte guztietara bideratutako izango da; tailerrak, ipuin kontaketak, ikuskizunak, antzerkiak, dastaketak eta hitzaldiak izango dira, besteak beste.

Hala ere, Kultur Asteko ekitaldi bereziena azken egunekoa izaten dute berastegiarrek: azoka. Hain justu, hogeita seigarren edizioa izango dute aurtengoa, eta ohi moduan, goizean zehar, ganadua eta herriko eta inguruko artisau eta nekazarien produktuak ikusi, dastatu eta erosteko aukera izango da. Azokaz gain, XXXIII. gazta lehiaketa, V. sagar tarta lehiaketa, XXVI. postu lehiaketa edota XXVI. bildots, ardi eta ahari lehiaketak egingo dira.

Parte hartu nahi duten herritar guztiek azoka egunean 10:00etan aurkeztu beharko dute norbere etxeko ardi-esnearekin egindako gazta. Sagar tartaren kasuan, 11:00etan aurkeztu beharko da azoka lekuan. Izen-ematea eta ordainketa unean bertan egingo dira. Animali erakusketari dagokionez, edozein mota eta tamainako animaliak aurkeztu ahal izango dira, eta bildots, ardi eta ahari lehiaketan, berriz, herriko edozein artzainek parte hartu ahal izango dute, baina bakoitzak ardi, ahari eta bildots bana aurkeztu beharko ditu. Hiru sari bereiztu emango dira. Postu lehiaketan herriko eta herritarren produktuez osatutako postuek bakarrik hartuko dute parte, eta sari bakarra egongo da.

Era berean, Kultur Asteak irauten duen bitartean, argazki rallyko argazkiak ikusgai izango dira udaletxean eta berastegi.eus webgunean. Irabazleak nortzuk diren azoka egunean ere jakinaraziko dira.

Egitaraua

Urriak 24, osteguna

  • 18:30. 'Kharut II. lehenengo igoera baten istorioa' ikus-entzunezkoa eta solasaldia Koldo Zubimendi eta Vicente Barcenarekin eskutik, udaletxeko erabilera anitzeko gelan.

Urriak 25, ostirala

  • 16:00. Txokolatada Guraso Elkartearen eskutik, eskola atarian.
  • 16:30. Zirku tailerra Zirkuolaren eskutik, eskola atarian.
  • 19:15. 'Konpromezu bat Senegalgo Kelle eta bere herrixkekin' hitzaldia Kellesensa GKEren eskutik, udaletxeko erabilera anitzeko gelan.

Urriak 26, larunbata

  • 09:30. Udazkeneko produktuekin kontserbak egiteko tailerra Koro Artolaren eskutik, Urepele Elkartean.
  • 15:00. Mus txapelketa herrikoia, Ategin.
  • 18:00. Ipuin kontaketa Pello Añorga idazle eta ipuin-kontalariaren eskutik, udaletxeko ganbaran.
  • 19:00. Pintxo-potea.
  • 00:00. Nikotina musika taldearen kontzertua, Urepele Elkartean.

Urriak 27, igandea

  • 18:30. 'Zopa' antzezlana Segurako Xirikara antzerki taldearen eskutik, eskolako gimnasioan.

Urriak 30, asteazkena

  • 18:30. 'Lau elementuak' film laburrean emanaldia Geuretik Sortuaren eskutik, udaletxeko erabilera anitzeko gelan.

Urriak 31, osteguna

  • 16:00. Merienda Guraso Elkartearen eskutik, eskola atarian.
  • 16:00. Gau beltzaren inguruan gehiago ezagutzeko tailerra Guraso Elkartearen eskutik, eskola ataria. Tartean, merienda.
  • 18:30. Euskal sagardo naturalen dastaketa Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen eskutik, udaletxeko erabilera anitzeko gelan. Parte hartzeko izena eman behar da urriaren 30a baino lehen, udal bulegoetan edo 688 681 952 zenbakira idatziz.

Azaroak 1, ostirala

  • 09:30. Berastegi eta inguruetako txoko kuttunak ezagutuz: herriko karobietatik barrena ibilbidea.
  • 19:00. Kattalin eta Nenufarrak musika taldearen emanaldia gazte eta helduentzat udaletxeko ganbaran.

Azaroak 2, larunbata

  • 10:00. Xake lehiaketa herrikoia Urepele Elkartean. Parte hartzeko izena eman behar da urriaren 30a baino lehen udal bulegoetan edo 688 681 952 zenbakira idatziz.
  • 17:00. 'Niaren bidaia' emanaldia haurrentzat Patata Tropikalaren eskutik, erabilera anitzeko gelan.

  • 18:30. Senegaldarren eta berastegiarren arteko futbol partida eskola atarian.

Azaroak 3, igandea

  • 11:00etatik aurrera. XXVI. Azoka Eguna: XXXIII. Gazta Lehiaketa; V. Sagar tarta Lehiaketa; XXVI. Postu Lehiaketa; XXVI. Ardi, ahari eta bildots lehiaketa; eta XXVI. Argazki Rally erakusketa.
  • 13:30. Sari banaketak.
  • 18.00. Talo jana Zubietako talogileen eskutik eta sagar tarta dastaketa, freskagarri, ardo eta sagardoak lagunduta. Tartean, erromeria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!