Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua egin da goizean Berastegin. Legegintzaldi honetan egiten ari diren saio ibiltarien barruan burutu dute topaketa, udalerrien beharrak, erronkak eta proiektuak bertatik bertara ezagutzeko eta horiekin lankidetza estutzen jarraitzeko asmoarekin. Bertan izan dira Eider Mendoza diputatu burua eta foru aldundiko diputatuak, Andoni Zuriarrain alkatearekin batera, eta asteartero bezala, lurralde osoarekin zerikusia duten hainbat neurri eta erabaki onartu dituzte.
Kontseilua egin aurretik, Mendozak eta Zuriarrainek lan-topaketa bat egin dute. Bertan, aldundiak herri txikien egunerokotasuna hobetzeko garatutako ekimenak eta udalak udalerria biziberritzeko egiten dituen jarduerak jorratu dituzte. Esaterako, duela gutxi abian jarritako autokarabana gunearen berri eman du alkateak, baita Berastegiko artzaintzari lotutako ondare antropologikoari eta kulturari balioa emateko abiatu duten prozesuaren berri ere.
Izan ere, Berastegiko Udalak urteak daramatza artzaintzaren inguruko ikerketa antropologikoa egiten. Testuinguru horretan, Artzain Mahaia deituriko egitasmoa abiatu zuen udalak eta BE! jaialdia ere antolatu dute, sektorea indartu eta arkumea bezalako produktu bati balioa emateko eta haren kontsumoa bultzatzeko. Horrez gain, Josu Ozaita antropologoak artzaintzarekin egindako lan antropologikoa jasotzeko Be! Berastegi. Belarra. Beeee izeneko liburua argitaratu zuen, eta gaur lan horren ale bana banatu dio alkateak diputatu bakoitzari.
Herri txikiak bizirik
Zuriarrainen arabera, «Berastegi herri bizi eta bizigarria da, eta edozein udalerrik bezala, zerbitzu publiko sendoak behar ditu, bai garraioan, bai gizarte zerbitzuetan ere esaterako. Horregatik, herrian egiten ari garen lanketaz gain, ezinbestekoa da eskualde eta lurralde mailan erakunde ezberdinekin elkarlanean aritzea eta guztiok norabide berean jardutea».
Gipuzkoaren ongizate integralean aurrera egiten jarraitzeko herri txikiek duten garrantzia azpimarratu du Mendozak: «Urteak daramatzagu ildo horretan lanean, udalerri horiek hiriguneen antzeko bizi-kalitatea izan dezaten eta proiektu profesional eta ekonomikoak garatzeko erakargarriak izan daitezen. Azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzeko eta lehen sektorea sustatzeko jardun dugu, eta gure konpromisoa da ildo horretan sakontzen jarraitzea, eskura ditugun tresna guztiak erabiliz eta ikuspegi berritzaileak ekarriko dituzten anbizio handiko proiektuekin».
Ildo horretan, Eudelekin batera, Udal Finantzaketarako Foru Funtsa 1.100 biztanletik beherako udalerrien finantzaketa indartzeko egokitzeari buruz lortutako akordioaren berri eman du. Berastegi da onuradunetako bat, eta hemendik aurrera 125.000 euro gehiago jasoko dituela jakinarazi du: «Herri txikien eskaera oso garrantzitsu bati erantzuten dio akordio horrek. Hala, aurrerantzean banaketa egokiagoa jasoko dute, herritarrei hainbat esparrutan ematen dieten zerbitzua eta baliabideak indartzeko».
Lurralde Garapena Bide Azpiegituretako Departamentuan integratzeko erabakia ere udalekiko eta eskualdeko erakundeekin harremana indartzeko helburuaren baitan kokatzen da.
Lehen sektorea balioan
Berastegin lehen sektorea lehentasunezkoa da, eta foru aldundiak, udalekin elkarlanean, «lan handia» egiten du lehen sektorea bizirik mantentzeko. Horren adibide da foru aldundiak martxan dituen hainbat proiektu nabarmendu dituzte: Trebatuz, Gaztenek edo martxan jarri berri duten Baserritar Misto Profesionala izeneko ekimena. Azken honekin lehen sektorean jarduera profesional bat garatu nahi duten pertsonei laguntza eman nahi zaie, enpresatik esparru horretara modu jasangarrian igarotzeko, prozesu honetan bi lanak uztartuz.
Programa berri honek ekarpena egin nahi dio Berastegi bezalako udalerriei, baina aldi berean Gipuzkoari, hori delako lehentasun nagusia, gipuzkoar guztien lehentasuna mantentzea», esan du Mendozak. Hortaz, proiektu horren laguntzak ere gaurko kontseiluan onartu direla jakinarazi du.
Kontseiluaren ostean, Berastegiko zenbait gune bisitatu dituzte, Zuriarrainen gidaritzapean.
Zazpigarren kontseilua, Legazpin
Foru aldundiak aurten egin duen seigarren Diputatuen Kontseilua ibiltaria izan da Berastegikoa; Leintz-Gatzaga, Zestoa, Deba, Zarautz eta Zumarragakoen ondoren. Orain, aldizkako bilera horiei jarraipena emateko asmoa dutela gaineratu du Mendozak, «erakundea lurralde osora begira hedatzen ari den elkarlaneko gobernantzarako eta entzute aktiborako estrategiaren barruan. Esperientzia oso emankorra eta aberasgarria izaten ari da, bai guretzat, bai udalerrientzat».
Hurrengo hitzordua Legazpin izango da, azaroaren 12an.