Gaur izango da Berastegiko argazki rallyan izena emateko azken eguna

Ataria 2024ko urriaren 9a

‘Online’ edo presentzialki egin ahalko da, eta aukeratutako hiru argazkiak helbide elektroniko bidez bidali beharko dira igandea baino lehen.

Berastegiko kultur astea gerturatzear da, eta dagoeneko martxan da aurtengo XXVI. Argazki Rally herrikoia ere. Bertan parte hartzeko interesa dutenek gaur izango dute horretarako azken eguna. Izen ematea udal bulegoetan, 943 68 30 00 zenbakira deituta, kultura@berastegi.eus helbidera idatzita edo 688 681 952 zenbakira Whatsapp bat bidalita egin daiteke.

Ostegunean, egunean zehar, parte hartzaileei telefonoz, helbide elektronikoz edo Whatsapp bidez aurtengo gaia zein izango den jakinaraziko zaie. Aukeratutako hiru argazkiak helbide elektronikoz bidali beharko dituzte iganderako, 23:59 baino lehen, kultura@berastegi.eus helbidearen bitartez.

Argazkiak egiterakoan, ohi bezala, Berastegiko mugen barruan atera beharko direla zehaztu du udalak, eta ezin izango dira manipulatu. Aurkezten diren argazki guztien artean epaimahaiak hiru argazki onenak aukeratu ditu eta saria izango dute. Sari banaketa azoka egunean izango da, eta argazki guztiak ikusgai jarriko dituzte udaletxean, kultur asteak irauten duen bitartean, eta Berastegi.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!