Elkarrizketa

«Lehen hamaikakoan postu bat izatea oso garrantzitsua da niretzat»

Imanol Garcia Landa 2024ko eka. 5a, 07:59

Nazioarteko lehiaketetan eskarmentua pilatzen ari da Aiara Agirrezabala futbolari gazte berastegiarra. Europako Txapelketa irabazi ostean, aukerak ditu Munduko Txapelketan parte hartzeko.

Europako Txapelketa irabazi berri du Aiara Agirrezabala (Berastegi, 2008) futbolariak, 17 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin. Txapelketaren azken fasea Suedian jokatu zen eta finalean Ingalaterrari 4-0 irabazi zioten.

Nola duzu gogoan txapelketa?

Hasieratik hiru helburu genituen. Aurrenekoa zen multzoetako faseetatik finalerdietara pasatzea. Finalerdia irabaztea zen bigarren helburua, eta horrekin lortzen genuen Munduko Txapelketarako txartela. Hirugarren helburua finala irabaztea zen, eta helburu horiek guztiak beteta oso gustura geratu ginen.

Txapelketan zehar, tartean finalean, gol asko sartu zenituzten eta gutxi jaso. Erraza izan zen bidea?

Espero ez genituen emaitzak lortu genituen. Frantzia eta Ingalaterra beti izaten dira aurkari zailak. Aurreko urtean kategori horretan Espainiak finala galdu zuen Frantziaren aurka, eta finalerdietan beldur horiekin joan ginen. Frantziari 6-1 irabazi genion eta ez genuen sinesten lortutakoa.

Defentsan, ezker hegalean, titular jokatu duzu txapelketan. Zer suposatzen du horrek?

Azkenean hori da gehien baloratzen dudana. Lehenengo hamaikakoan postu bat izatea partida gehienetan niretzako oso garrantzitsua da.

Gainera, zu izan zara selekzioko gazteena.

Lehenengo hamaikakoan postu bat lortzea sekulakoa da, eta urte bat gazteagoa izanik are bereziagoa. Urte bat gutxiago zuten beste lau zeuden, eta postu hori lortzeko gure lana egin dugula esan nahi du.

Txapelketan zehar momentu bereziren bat baduzu?

Finalerdian, hasieran oso urduri nengoen, eta lehen zatian ez nintzen gustura egon. Atsedenaldian jendearekin hitz egin ondoren, buelta eman nion egoerari, eta zentzu horretan nire buruaz harro nago, hasieran ez nengoelako batere gustura. Buru aldetik eman nion buelta hori oso barruan sartuta daukat.

Txapelketa irabaztea, domina irabaztea, handia da, eta baita horrelako lehiaketa batean lortzen duzun esperientzia ere, ezta?

Bidaiatzen duzunean toki ezberdinetako jendea ezagutzen duzu, bertako kultura ere bai, eta futbolean beste maila batean jokatzen duzu. Horrelako gauzak nire bizitzako esperientzian txertatzea sekulakoa da.

Munduko Txapelketa urri bukaeran eta azaro hasieran izango da, Dominikar Errepublikan. Bertara joateko esperantzarik baduzu?

Beno, aurrena denboraldiaurrea ondo hasi eta ailegatzen denean, ikusiko dugu bagoazen ala ez. Saiatuko naiz, ahaleginak egingo ditut bertara joateko, eta bertara joaten banaiz, ahal den ondoen aritu eta ikusiko dugu zer gertatzen den. Europatik hiru selekzio sailkatu dira, Europako Txapelketan lehen hiru postuetan geratu zirenak.

Realaren C taldean aritzen zara, Euskal Ligan. Nola joan da denboraldia?

Oso gustura. Aurreko urtean mailaz igo ginen eta aurreneko urtea izateko bigarren geratu gara. Oso harro nago taldeaz eta egin dugun lanarengatik.

Zer adinetakoak zaudete taldean?

2008tik hasi eta 2005 artekoak, lau urte ezberdinetakoak, beraz.

Zein da aurrera begira zure helburua? Nola izaten da bigarren taldera igotzeko pausoa?

Aurrena pausoz pauso joan behar da. Behin klubean sartzen zarenean, denon ametsa izaten da lehenengo mailan jokatzea. Baina aurretik beste kategoria batzuk pasa behar dira, eta pausoz pauso joan behar da.

Bukatu duzue dagoeneko denboraldia?

Bai, berez bukatu dugu. Aste honetan azken entrenamenduak falta dira eta oporrak izango ditugu. Gero berriz noiz hasiko garen ez digute esan oraindik, baina hilabete bat behintzat izango dugu, eta gustura hartzen da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!