Maiatza ekintzaz beteta izango dute berastegiarrek

Ataria 2024ko mai. 15a, 11:58

Xabier Saralegi eta Leire Garziarena zinegotziak eta Andoni Zuriarrain alkatea.

Kultur eta kirol ekintza ugari izango dituzte hila honetan, baita ospakizun bereziak ere; San Isidro Eguna eta Euskal Jaiak ospatuko dituzte eta larre irekiera egingo dute.

Dagoeneko martxan da maiatzeko agenda Berastegin eta datozen asteetan ekintza ugari izango dituzte aukeran. San Isidro Eguna ospatuko da bihar, eta ohi bezala, udaletxetik San Martin elizarako ibilbidea egingo dute herritarrek, txistularien laguntzarekin, 13:00etan. Horren ostean, 13:15etan, mezari ekingo diote eta herriko haurrek bertsoak eta dantzak egingo dituzte baserritarren eguna festaz ospatzeko. Ondoren, bazkaria egingo dute udaletxeko erabilera anitzeko gelan, eta tartean trikitilariak ere izango dira.

Euskal Jaiak, larunbatean

Urepele Elkarteak antolatuta, Euskal Jaiak ospatuko dituzte larunbatean eta egun osoko egitaraua prestatu dute. Eguna hasteko, pintxo lehiaketa egingo dute, zortzigarrengoz, 11:30etan, eta 13:00etatik aurrera, horiek dastatzeko aukera izango da. Ondoren, 14:30etan, herri bazkaria egingo dute. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bazkaria norberak ekarri beharko du etxetik, baina ogia, edaria eta kafea banatuko dituzte. Hori amaituta, euskal jolasak egingo dituzte 16:00etan, eta ondoren, erromeria eta lunch-a izango dira Urepele elkartean.

Larre irekiera, igandean

Baserritarren eguna asteazkenean ospatuko badute ere, larre irekiera ekitaldia egin dute, igandean, Berastegiko larre komunaletan. 11:00etan zabalduko dituzte larrera sartu ahal izateko dauden pasabideak eta atakak, eta abereek Gorosmendi eta Ipuliñoko eremuan dauden larreez gozatzeko aukera izango dute. Aurten, guztira, eskaera egin duten 16 ganaduzaleen artean, 80 behi, 614 ardi, 34 behor eta 30 ahuntzek erabiliko dituzte udalarenak diren lurrak.

Udala «pozik» agertu da ekimenak izan duen arrakastarekin. Izan ere, larre komunalen proiektua 2019an hasi ziren martxan jartzen. Eremuak, guztira, 190 hektarea barnebiltzen dituen arren, egun, 60 hektarea daude erabilgarri; horietako 50 hektarea Gorosmendin, eta beste 15 hektareak Ipuliñon.

EGITARAUA

Maiatzak 15, asteazkena. SAN ISIDRO EGUNA.

  • 13:00. Prozesioa udaletxetik San Martin elizara, txistulariez lagunduta.
  • 13:15. Meza, herriko haur dantzari eta bertsolariek lagunduta.
  • 14:00. Bazkaria udaletxeko erabilera anitzeko gelan. Ondoren, trikitilariak.

Maiatzak 16, osteguna

  • 18:30. Irakurketa kluba Jasone Osororen Arrakasta eleberria landuz udal liburutegian.

Maiatzak 18, larunbata.

  • EUSKAL JAIAK.
    • 11:00. VIII. Pintxo lehiaketa.
    • 13:00. Pintxo dastaketa.
    • 14:30. Herri bazkaria.
    • 16:00. Euskal jolasak.
    • 17:00. Erromeria eta jarraian lunch-a Urepele Elkartean.
  • 15:30. Ataria Pilota Topaketak: Benjaminen pilota partidak.

Maiatzak 19, igandea

  • 11:00. Larre irekiera Gorosmendin.

Maiatzak 25, larunbata

  • 09:00-13:00. Podologo zerbitzua udaletxean, aurrez hitzordua hartuta.
  • 15:30. Ataria Pilota Topaketak: Benjaminen pilota partidak.

Maiatzak 28, asteartea

  • 10:30. Oinez Berastegi plazatik abiatuta. Ondoren, hamaiketakoa.

Maiatzak 30, osteguna

  • 18:00. Bingoko sari berezia Gaztainondo Elkartean.

Maiatzak 31, ostirala

  • 19:00. Elkarretaratzea plazan.
  • 19:30. Pintxopotea herrian zehar.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!