Asteburuari amaiera emateko, iaz bezala, gaurko bi kilometroko zirkuitua egitea aurreikusi zutela kontatu du Uxue Arzallus zinegotziak. «Aste honetan izan den euritearen ondorioz, belazeak ez ziren erabilgarriak gelditu eta astebururako aurreikuspena ere txarra zenez, gerturatzen zen jendea ahalik eta goxo eta erosoen sentitzeko moldatu dugu gaurko eguna». Honela, ibilbidean zehar aurreikusta zeuden bederatzi guneak, herriko txoko desberdinetan zehar banatu dituzte, «horiek babesean mantenduz».
Udaletxeko atarian informazio gunea eta Gazpio gazta erosteko aukera izan da. Udaletxeko erakusketa gelan, berriz, gazta dastaketa egin dute, herriko artzain gazteen azalpenekin. Haurren txokoa ere bertan zegoen, eta bertan izan direnak giltzatakoak egiteko tailerra edo jolasean aritzeko aukera izan dute. Udaletxeko ganbaran, berriz, Andres Etxeberria herriko artzainak egindako tresnen erakusketa eta Aranzadiren artzaintzaren inguruko erakusketa uztartu dituzte.
Eskolako futbol zelaian ardien gunea izan da, non ardi latxaren azpi-arraza desberdinen erakusketa izan den ikusgai, baita ilea nola mozten zaien eta nola jezten diren erakutsi dituzte ere. Frontoian, berriz, photocall-a jarri dute, herritarrek argazkia atera eta sare sozialetan zabaltzeko asmoz. Horrez gain, mokadutxo baterako tartea ere izan dute, azoka gastronomikoa bertan baitzegoen. Herriko musikariek girotu dute goiza.
Euskal artzain txakurraren erakustaldia bertan behera geratu da, baina asto itzuliak ez. Gauzak honela, herrian zehar astoan ibiltzeko aukera izan dute gaztetxoek, Astotrek enpresaren laguntzaz.